Bitoriano Gandiagaren heriotzaren 25. urteurrena dela eta, hari eskainia dator Hemen Aleak aldizkariaren hirugarren zenbakia. Bi gogoeta eskaintzen dizkigu. Sebastian Gartzia Trujillok kristautasunaren aurreko euskal erlijio paganoaren aztarnak balioesteko baliatzen du Gandiaga. Jatorrizko euskal erlijioaren ezaugarriak (amatasuna, txikitasuna, elkarkidetza…) benetako humanismorako osagai gisa aurkezten dizkigu idazleak; gainera, ezaugarri horiek ondoren kristautasunak sorturiko instituzio eta ezaugarri asko baino gertuago ikusten ditu Nazareteko Jesusen izaeratik.
Ramon Ibeas Larrañaga teologoak Gandiagaren olerkigintzaren dimentsio nagusiak aztertzen ditu: txiroekiko harremana, euskara eta Euskal Herria, eta fedea: “dena zeru berri eta lur berri batetik ikusita”. Bitoriano Gandiaga Jainkoaren gizona izan zen, kultura batean txertatua: euskal kulturan. Gainera, mundua ikuspuntu horretatik begiratzean, Zigmunt Baumanek hogeita hamar urte geroago aztertuko zituen “denbora likidoak” edo soziologiaren arretagai izango ziren bazterkeriak antzematen jakin zuen.
Bitoriano Gandiagak gaur egun duen garrantzia begi-bistakoa da, euskal gizabideari buruzko gure azken iruzkinean jorratutakoen antzeko eztabaidetan. Gandiaga berreskuratzeko aukera ezin hobea da haren heriotzaren urteurrena, eta Hemen Aleak aldizkariak ekarpen ederra egin du. Bestalde, berriki jakin dugu Sinisgune euskaldun kristau bidelagunen bigarren biltzarra urriaren 17an egingo dela Arantzazun, eta gaia, hain zuzen ere, Bitoriano Gandiaga izango dela. Gandiagaren lanaz gogoeta egiteko, haren ondareaz jabetzeko eta haren lanak gaur egun zer dioen hausnartzeko gonbita egiten digute. Hemen Aleak aldizkaria irakurri besterik ez duzu zenbateraino mesede egingo digun ulertzeko. Eskerrik asko aukera guzti hauengatik!
0 Comments