HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 1
Aldi hartan, Jesus Galileako Kafarnaum hirira jaitsi zen, eta larunbatetan jendeari irakasten zion. Txunditurik zegoen jendea haren irakaspenaz, nagusitasunez hitz egiten baitzuen. Bazen sinagogan espiritu gaiztoaren menpe zegoen gizon bat, eta oihu bizian zioen:
«Zer duk gurekin, Jesus Nazaretarra? Gu hondatzera al hator? Bazekiat nor haizen: Jainkoaren Santua». Jesusek gogor eraso zion: «Isil hadi eta atera gizon horrengandik!». Deabruak jendartean lurrera bota zuen gizona, baina batere kalterik egin gabe atera zen harengandik. Ikaraturik gelditu ziren denak, elkarri galdezka: «Zer da hau? Nagusitasunez eta indarrez agintzen die espiritu gaiztoei, eta hauek atera egiten dira». Jesusen entzutea herrialde hartako bazterguztietara zabaldu zen.
Lukas 4, 31-37.

Azaldu ezin den edo gainditzen gaituen gaitzen bat dagoenean, gizakiak kausak aurkitzeko sena du, baina, bereziki, errudunak, berriro gerta ez dadin. Ahalegin horretan, senideak aurretik eraman ditzakegu, funtsean, beste biktima batzuk baino ez direnak.
Gaur, Jesus, entzuten diotenek nagusitasuna aitortzen diotelarik, deabru batek harrapatuta aurkitzen den gizon batengana hurbiltzen da hau askatzeko, bide batez bere nagusitasuna berretsiz.
Euskarazko “nagusitasun” hitza latinezko “auctoritas” terminoarekin bat dator, eta honen zentzu etimologikoa haziaraztea da. Bekatua gaizkiaren kausa zen testuinguru kultural hartan, Jesusek gaizkia garaitzen du, baina asmo horretan gaitzak menderatutako pertsonaren salbazioa lehenetsiz, ez gaitzespena. Erabakigarriena pertsona askatzea da, Jainkoaren seme-alabaren duintasunean haz dadin. Gaurko Berrionak gure asmoa senideen salbazioan jartzera gonbidatzen gaitu, eta ez haien bekatuan. Betiko moduan, gaur ere honetan datza Jesukristoren Elizaren autoritatea.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments