Urteurrenek duten xarmarekin hurbiltzen gara aurtengo ekainaren 20ra, Fundación Social Ignacio Ellacuriaren ingurumarian gauden pertsona eta taldeak.
Hogei urte dira, Jesusen Lagundiak, ausardiaz eta konpromezuz erabaki zuela, garai hartako %4-a zen biztanleriaren aldeko behar izanetara erakunde bat antolatuko zuela.
2006. urtean, Euskal Herriko %4-a biztanleri atzerritarra zen. Kopuru txikia izanik ere igarri zuten ez zala denborarekin kopurua txikituko, aldiz, gure gizartea gero eta aniztasun gehiagoz apaintzen joango zela. Aurreikuspen horrekin, garai hartan migratzaileen behar izan zehatz batzuen bidelagun nahi zuten izan Ellacuria Fundazioaren bitartez. Eta erakundeari behar zuen hauspoa emateko prest aurkitu zituzten CVX – ARRUPE ELKARTEA eta Mariaren Lagundia.
Hiru erakundeek, Fundazioaren bitartez, migratzaileek gizarte partaidetzarako antolamendurako eta ahalduntzerako prozesu kolektiboetan partehartzeko eta kulturen eta erlijio askotarikoen arteko harremanak eta topaketak ahalbidetzeko espazioak sortzeko aupada eman zuten.
Ausardiaz eta konpromezuz errealitate berri bati aurre egin behar zuen erakundeak izen aproposa behar zuen eta horregatik Ignacio Ellacuria jesuita portugaletetarrarena aukeratu zen.
Ignacio Ellacuriak ausardiaz eta konpromezuz egin zuen bere ibilbidea, El Salvadorreko errealitatetik abiatuta, munduko edozein lekurako lehentasun eta irizpideak baliogarri egin zituen batez ere ezin besteko baliogarritasuna bere bizitzarekin defendatu eta eskaini zuelako. Ellacuriagandik errealitateaz jabetu, errealitatea aurrez aurre begiratu eta errealitateaz arduratzeko lekukoa hartu zuen Fundazioak, bere neurri apalean, gehiengo pobretuen artean aurkitzen diren migratzaileen aldeko konpromesua, gauzatzen joateko.
Bidea jorratu einean migratzaileen aldeko konpromesua zein eratara eraiki ikasten joan gara. Bide honetan ezaguterraz egiten den gure eredu propioari forma eman diogu. Eredu honek, pertsona eta familia migratzaileak, talde profesionala eta harrera-komunitateak direla abegikortasunaren funtsezko eraldatzaileak, erakusten du. Hiru eragile horien artean sortzen diren elkarreraginek errealitate berria eratzen dute aurretik existitzen ez zena eta abegikortasun edo hospitalitatearekin antza handia duena.
Hiru protagonista hauen elkarreraginek ez lukete ibilbidea burutu ahal izango sarean lan egiteko ahaleginik gabe. Gizartea komunidade bat bezala ulertzen dugunok, elkar topatzeko komunitatea bederen, ezinbestekoa zaigu gizartea saretzen joatea, saiatzen joatea behintzat. Horregatik ibilbide honetan komunitate-sare, eta hauen artean administrazioak, gertukoak eta urrutikoak; erakundeak, haundiak, txikiak eta ertainak, eta herritarren elkartasuneko sareak batez ere, ezinbestekoak izan dira. Fundaziotik harreman nahaste gisa ulertzen joan gara sareko lana pertsonarekin eta inguruan identifika daitezkeen eragile aliatuen bitartez ehundu behar direla gizarte inklusiboak eraikitzen joateko.
Bide oparoa egin dugu. Bide lagun ederrak izan ditugu. Jakin badakigu gure herri eta hirietako kaleetan, pertsona abegikor asko zaudetela. Anonimotasunean, ixilean, protagonismo gabeko pertsona asko euren etxeak zabaltzen dituzte, gure auzoak toki xamurrak bihurtzen, denon gizartea dugun hau, benetan era askotariko euskaltasuna eraikitzen daudela.
Gizarte anai-ahizpakorrago bat eraikitzen jarraitu nahi dugu. Ausardiaz eta konpromezuz bizi diren pertsona asko dago gure artean. Baita erakundeak ere. Bide berriak behar ditugu aurkitu eta sortu. Horretan gabiltza. Horretan aurkitu dezakegu elkar.
0 Comments