HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 20
Aldi hartan, Jesusek berriro parabola bidez hitz egin zien apaizburuei eta herriko zaharrei: «Zeruetako erreinuarekin bere semearen ezteiak ospatu zituen erregearekin bezala gertatzen da. Bidali zituen morroiak gonbidatuei dei egitera, baina haiek ez zuten etorri nahi izan. Berriro beste morroi batzuk bidali zituen mandatu honekin: “Esaiezue gonbidatuei: Hara, gertu daukat bazkaria; hilak ditut zezenak eta zekor gizenduak, prest dago dena. Zatozte ezteietara”. Baina gonbidatuek ez zioten jaramonik egin: bata bere lurretara joan zen, bestea bere negozioetara eta gainerakoek, morroiei heldurik, irainez bete eta hil egin zituzten. Haserretu zen erregea eta, bere soldaduak bidaliz, hil egin zituen hiltzaile haiek, eta su eman haien herriari. Gero, bere morroiei esan zien: “Ezteiak prest daude, baina gonbidatuak ez ziren gai. Zoazte, bada, bidegurutzeetara eta deitu ezteietara aurkitu ahala guztiak”. Atera ziren morroiak bideetara eta aurkitutako guztiak bildu zituzten, on nahiz gaizto. Eztei-gela bazkaltiarrez bete zen. Erregeak, bazkaltiarrak ikustera sartu zenean, eztei-jantzirik gabe zegoen bat ikusi eta esan zion: “Adiskide, nolatan sartu zara hona eztei-jantzirik gabe?” Hark hitzik ez. Erregeak mahai- zerbitzariei esan zien, orduan: “Esku-oinak lotu eta bota ezazue kanpora, ilunpera; han izango da negarra eta hortz-karraska!” Zeren gehiago baitira deituak, aukeratuak baino».
Mateo 22, 1-14.

Jesus, etengabe,bide batetik zein bestetik, Aita nor den azaldu nahian dabil. Berari ematen dion bizia guk guztiok izatea nahiko balu bezala, Bera txundituta bizi den bezala gu ere txunditurik geratzea nahiaz. Baina ez du azalpen zuzenik ematen, baizik parabola bidez. Eta hainbatetan bazkari handi baten bidez. Seme galduarekin egin zuen bezala, edo gaurkoan bezala.
Jesusen Aitak ezteietara gonbidatzen gaitu, doanik, musutruk. Agian, horrexegatik ez dugu onartzen, ez dugulako merezi gabe, irabazi gabe ezer nahi, gure duintasuna hondatzen duelako. Ez gara bere poza eta zoriontasuna partekatzeko gai. Eta aitzakiak bilatzen ditugu.
Eta gure ezezko horrek Aita mindu egiten du, Jesus bera negarrez mindurik behin baino gehiagotan agertzen zaigun bezala. Izan ere maitasuna mindu egiten da.
Baina min horrek ez du maitasuna itotzen, ez zimurtzen edo uzkurtzen. Aldiz, indarberritu egiten du, bide-bazter guztietara zabaltzen du. Maitasun hori doantasunez jasotzeko prest dauden guztiengana.
Jainko Aita bankete edo oturuntza zoragarri bezala datorkigu. Litxarreriz beteak gaudenok ez diogu jaramonik egingo. Ogi koskor lehor bat besterik ez dutenek begiak zabal-zabal eginik harriduraz jasoko dute. Eta hala ere izango da horrelako dohaina jasotzeko prestatuko ez denik.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments