HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 19

Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien ikasleei: «Zeruetako erreinuarekin mahasti-nagusiarekin bezala gertatzen da. Goizean goiz bere mahastirako langile bila atera zen. Eguneko lansaria zilarrezko txanpon batean hizketatu ondoren, mahastira bidali zituen langileak. Goizeko bederatziak aldera berriro atera zen eta, beste batzuk plazan lanerako zain ikusirik, esan zien: “Zoazte zuek ere nire mahastira eta ordainduko dizuet bidezko dena”. Eta haiek ere joan ziren. Atera zen berriro hamabiak aldera eta hirurak aldera, eta gauza bera egin zuen. Arratsaldeko bostak aldera ere atera zen eta, beste batzuk oraindik geldi aurkiturik, esan zien: “Zertan zaudete hemen egun osoan lanik egin gabe?” Haiek erantzun zioten: “Ez gaitu inork hartu lanerako”. Hark, orduan: “Zoazte zuek ere nire mahastira”. Iluntzean mahasti-nagusiak esan zion arduradunari: “Deitu langileei, eta emaiozu bakoitzari bere soldata, azkenekoetatik hasi eta lehenengoetara”. Etorri ziren, bada, arratsaldeko bostetakoak, eta zilarrezko txanpon bana hartu zuten. Lehenengo ordukoek, txanda iritsi zitzaienean, besteek baino gehiago hartuko zutela uste zuten; baina haiek ere zilarrezko txanpon bana hartu zuten. Orduan, nagusiaren kontra gaizki esaka hasi ziren, eta esan zioten: “Azkeneko hauek ez dute ordubete besterik lan egin, eta gurekin berdindu dituzu, egun osoko nekea eta beroa jasan dugunokin”. Baina nagusiak erantzun zion haietako bati: “Adiskide, ez dizut bidegabekeriarik egiten. Ez al ginen zilarrezko txanpon batean hizketatu? Tori dagokizuna eta zoaz. Zuri bezainbat eman nahi diot azkeneko honi ere. Ezin ote dut neure diruaz nahi dudana egin? Ala inbidia duzu, ni ona naizelako?” Horrela, bada, azkenekoak lehenengo izango dira eta lehenengoak azkeneko».

Mateo 20, 1-16.

Agian harridura da gehien landu beharko genukeen jarrera. Harritu gabe ezin dugu sinetsi Jainkoarengan. Ez behintzat Jesusen Aitarengan. Behin eta berriz harritzen gaituelako (Jesus berak ere bai!).

Harrigarriena parabola honetan mahasti-jabea behin eta berriz langile bila (gure bila) ateratzea da. Harrigarria eguneko edozein ordutan (bizitzako edozein egoeratan) bila eta bila ari zaigula ikustea. Bere mahastira eramateko, bere alorrean lan egiteko, berarekin. Berak bezala lan egiten ikasten aritzeko.

Harridura azken ordukoena! Egun osoan beraiekin inork ezer jakin nahi ez, eta eguna amaitzear dela beraien bila joan plazara, bere mahastira eraman, eta ordubeteko lana eman. Mahasti jabeak, ardi galduaren artzainak bezala, ez du inor plazan utzi nahi. Mahastian guztientzako lana dago, guztiek balio dute.

Eta ordainaren harridura! Azkenengoen harridura egun osoko ordaina jasotzean, eta lehenak izatean. Izan ere mahasti jabeak ez du neurtzen, beti eskuzabal, gainezka.

Eta lehen ordukoen harridura. Ez gutxi jaso dutelako, baizik besteek adina jaso dutelako. Egun osoa berarekin lanean eta ez zaie ezer geratu jabearen lan egiteko eratik (bi semeen parabolako zaharrenari bezala gertatu zaie): ez zaie sortu esatea: “zer ondo zuk denekin eskuzabal jokatzea”, “zer ondo inor kalean ez uztea eta guztiontzako lana izatea”,…

Harrigarria benetan gure begirada makurra.

Jesus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.