HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 18
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Benetan diotsuet: aberatsa nekez sartuko da zeruetako erreinuan. Berriro diotsuet: jostorratzaren begitik gamelua igarotzea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino». Hitzok entzutean, ikasleek, zeharo harriturik, honela zioten: «Nor salba daiteke, orduan?». Jesusek begira-begira jarri eta esan zien: «Gizakiarentzat ezinezkoa da hori, baina Jainkoak dena dezake». Orduan, Pedrok esan zion: «Hara, guk dena utzi dugu, zuri jarraitzeko. Zer izango da guretzat?». Jesusek erantzun zien: «Benetan diotsuet: Jainkoak mundu hau eraberritzean eta Gizonaren Semea bere aintzazko tronuan esertzean, zuek ere, nire jarraitzaileok, hamabi tronutan eseriko zarete, Israelgo hamabi leinuak epaitzeko. Eta nigatik etxea, senideak, aita, ama, seme-alabak edota lurrak uzten dituenak, ehun halako hartuko du eta betiko bizia jasoko ondare. Orain lehenengo diren asko azkeneko izango dira, eta orain azkeneko direnak lehenengo».
Mateo 19, 23-30.

Zenbat nahasmen sortu duten Jesusen hitzok historian zehar. Izan ere, era batera zein bestera, Jainkoa geureganatzen saiatu izan gara, salbamena edo zerua ziurtatzen. Eta gamelua eta jostorratzaren tamainaz arituz, edo nor den edo ez den aberats eztabaidatuz, denbora galdu izan dugu Jesusen hitzei jaramonik ez egitearren.
Ez zaigu batere onargarria egiten salbamena gure esku ez egotea, Jainkoa gure “nahi santura” ez makurtzea, mundu honetako ondasunak lortzen ditugun bezala Jainkoa (edo salbamena) gure ahalmen edo ahaleginen menpe ez egotea.
Atzoko galderak ekarri gaitu hona: “zer egin behar dut?”. Gure esku balego bezala, gure ahaleginen arabera, salbamena eskuratzea. Eta ez gara konturatzen “salbamena” esatean, Jainkoaren bizia bera lortzea adierazten ari garela, Jesusek dakarkigun dohainik handiena. Eta hori ez da lortzen, ez da irabazten, ez da inongo eskubidea… Dohaina baizik.
Eta dohain bezala jasotzeko jartzen zaigun eskaria Jesusi jarraitzea da gainontzeko lotura guztietatik askatuz. Agian, azkenengoek bakarrik ulertzen dute hau.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments