HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 17
Aldi hartan, gazte batek Jesusengana hurbildu eta esan zion:
«Maisu, zer onik egin behar dut betiko bizia eskuratzeko?». Jesusek erantzun zion: «Zergatik galdetzen didazu onari buruz? Jainkoa bakarrik da ona. Betiko bizian sartu nahi baduzu, bete aginduak». Hark, berriz: «Zein agindu?». Eta Jesusek: «Ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin gezurrezko testigantzarik, hartu aintzat aita-amak, eta maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala». Gazteak, orduan: «Hori guztia bete dut; zer falta dut oraindik?». Jesusek erantzun zion:
«Guztiz ona izan nahi baduzu, zoaz, saldu zeure ondasunak eta eman behartsuei, eta altxorra izango duzu zeruan; gero, zatoz eta jarraitu niri». Hitz hauek entzutean, nahigabeturik joan zen gaztea, ondasun handien jabe baitzen.
Mateo 19, 16-22.

Norbaitek zioen bezala, “sekula porrot batek ez du horrenbeste fruitu eman”. Izan ere gazte honek geure burua beragan islatuak ikusteko balio izan digu. Nor ez da saiatu bere ahaleginean on izaten, zintzo jokatzen, jator eta zuzen gidatzen bizitzan, bere onena ematen, egiaz balio duen bizitzeko arrazoiren bat aurkitzen (bolondres izaten, norbaiten edo zerbaiten alde borrokatzen, dirua edo laguntza ematen, norbait zaintzen…)?
Badakigu hauek direla gure ondasunak, eta harro gaude berauetaz. Eta aldi berean, badakigu, Jesusi esker, ezin garela berauetaz baliatu ez Jainkoaren aurrean eta ez inoren aurrean. Batetik gure izatea ez delako hori, ez gara egiten duguna, ez gara gure irudi soziala, ez eta gure sentimendu altruista edo filantropoa.
Gure egiazko izatea Jaunarengandik datorkigu, berarekin dugun harremanetik, berak eman digun Espiritutik. Eta horregatik, hori guztia ez da gure oinarria, ez da gure bizi-iturria, baizik eta bere nahia egitea, bere oinetan jartzea, berari jarraitzea.
Zenbat ikasi dugun gazte honi esker!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments