HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 16
Aldi hartan, Tiroko eta Sidongo lurraldera aldendu zen Jesus. Hartan, inguru haietan bizi zen emakume kanaandar bat deiadarka hasi zitzaion: «Jauna, Daviden Semea, erruki zakizkit! Oinaze gorritan dauka deabruak nire alaba». Baina Jesusek ez zion hitzik erantzun. Ikasleak, hurbildurik, erreguka ari zitzaizkion: «Egiozu kasu, eta doala, deiadarka baitatorkigu atzetik». Jesusek, ordea: «Israel herriko ardi galduengana bakarrik bidali nau Jainkoak». Baina emakumea, hurbildurik, ahuspez jarri zitzaion, esanez: «Lagun iezadazu, Jauna!». Jesusek, orduan: «Ez dago ondo seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea». Emakumeak erantzun zion: «Bai, Jauna, halaxe da; baina txakurrek ere jan ohi dituzte nagusien mahaitik erortzen diren ogi-apurrak». Orduan,Jesusek esan zion: «Emakumea, handia da zure fedea! Gerta bekizu nahi duzun hori». Eta une hartatik sendatua gelditu zitzaion alaba.
Mateo 15, 21-28.

«Elizan inor ez dago soberan; denontzat dago tokia. Denontzat. Denontzat. Denontzat». Laster hiru urte beteko dira Frantzisko Aita Santuak Lisboan hitz horiek esan zituenetik, eta ez dute batere gaurkotasunik galdu.
Emakume kanaandarraren fedeak muga bat gainditzera bultzatzen ditu Jesus eta ikasleak: Jainkoaren errukia ez da herri, kultura edo talde baten jabetza soilik. Emakume hura ez da eragozpen bat, Jainkoaren Erreinuan lekua duen alaba baizik.
Alabaina, denontzat lekua izateak ez du esan nahi Ebanjelioa gure neurrira moldatu behar denik. Esan nahi du Elizan denok aurkitu behar dugula bihotza berritzeko aukera, Ebanjelioaren eskakizunak entzunez eta bidelaguntza jasoz.
Eukaristian, Kristok mahai berean biltzen gaitu, garen bezalaxe hartuz eta bere antzeko izatera deituz. Ogi bera jaten dugunok, egin dezagun Eliza denontzako etxe eta bihotzberritze-bide.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments