HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 15
Aldi hartan, Maria jaiki eta bizi-bizi mendi aldera joan zen, Judeako herri batera, eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin zion. Mariaren agurra entzun zuen orduko, jauzi egin zion Elisabeti haurrak sabelean. Elisabet Espiritu Santuaz bete zen, eta esan zuen oihu handiz: «Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua. Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko? Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, jauzi egin dit haurrak pozez sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan dizuna beteko dela sinetsi duzulako!». Mariak esan zuen: «Handiesten du nire arimak Jauna, pozaren pozez daukat neure barrua, Jainkoa baita nire salbamena, ikusi baitu mirabe honen ezereztasuna. Horregatik, dohatsu deituko naute gaurdanik gizaldi guztiek, handiak egin baitizkit Ahalguztidunak; santua da haren izena, eta haren errukia gizaldiz gizaldi begirune diotenengana. Bere besoaren indarra erabili du, buru-harroak suntsitu ditu; bota ditu beren aulkietatik ahaltsuak, eta gora jaso ditu ezerezak; ondasunez bete ditu gose zeudenak eta esku-hutsik bidali aberatsak. Lagun etorri zaio bere morroi Israeli, bere errukiaz oroiturik; hala zien gure gurasoei hitzemana, Abrahami eta ondorengoei betiko esana».Mariak hiru hilabete inguru egin zuen Elisabetekin; gero, etxera itzuli zen.
Lukas 1, 39-56.

Pozak bete du etxea Jesusen presentzia soilarekin. Andre Maria bera, pozaren pozez, salbamenaren poeta eta profeta bihurtzen da, Leon XIV.ak Magnifica humanitas entziklikan adierazten duen gisan.
Bere bokazioa argitu dion argi beraz, salbamenaren historia osoa ikusten du. Kanpotik begiratuta, mundua ez da aldatu; baina Andre Mariak dena Jainkoaren promesaren argitan eraberrituta ikusten du: Jainkoak dagoeneko sakabanatu ditu bihotz-harrotuak eta ahaltsuak beren aulkietatik eraitsi; dagoeneko goratu ditu apalak eta gose zirenak ondasunez bete.
Pozak ez du Andre Maria errealitatearen aurrean itsutzen. Aitzitik, argiago ikusten ditu bereizkeriak, zapalkuntzak eta desberdintasunak. Historiaren zauriak jasaten dituztenen begiekin begiratzen dio munduari, eta Jainkoaren salbamenaz pozten da.
Poz hori bera bizitzera gonbidatzen gaitu gaurko jaiak, Maria, Jesusen eta guztion ama, zeruratua ikustean. Jesukristo berpiztuarengan ez ezik, Andre Mariarengan ere egiaztatu da Jainko Aitak gizakiontzat prestatu duen bizitza betea. Bizi gaitezen, bada, lurrean, goiko argiz, azkenekoekin bat eginda.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments