HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 14
Aldi hartan, fariseu batzuk hurbildu zitzaizkion Jesusi eta, zertan harrapatuko, galdetu zioten: «Zilegi al zaio gizonari bere emaztea edozein arrazoirengatik uztea?». Hark erantzun zien: «Ez al duzue irakurri Liburu Santuak dioena? Hasieratik Egileak gizaseme eta emakume egin zituela, alegia, eta esan zuela: “Horregatik, gizasemeak bere aita-amak utziko ditu eta bere emaztearekin elkartuko da, eta biak bat izango dira”. Beraz, aurrerantzean ez dira bi, bat baizik. Horrela, bada, Jainkoak bat egin duena ez beza gizakiak banatu». Haiek galdetu zioten: «Zergatik eman zuen, bada, Moisesek dibortzio-agiria idatzi eta emaztea uzteko baimena?». Jesusek erantzun zien:
«Zeuen burugogorkeriagatik eman zizuen Moisesek emaztea uzteko baimena; baina hasieran ez zen horrela. Hau diotsuet: bere emaztea utzi –legearen kontra elkartuak ez badira behintzat– eta beste batekin ezkontzen denak, adulterioa egiten du». Ikasleek esan zioten orduan:
«Baldin horrelakoa bada senar-emazteen arteko lotura, ez du merezi ezkontzea». Jesusek erantzun zien: «Ez dira denak hori onartzeko gai, Jainkoak gai egiten dituenak baizik. Batzuk ez dira ezkontzen, jaiotzaz ezin dutelako; beste batzuk giza eskuz ezinduak izan direlako; beste batzuk, berriz, zeruetako erreinuagatik hala erabaki dutelako. Onar dezakeenak onar beza».
Mateo 19, 3-12.

Noraino eraman gaitzake Jainkoaren maitasunak? Gaur Maksimilian Maria Kolbe maitasunaren eta karitatearen martiriaren oroimena ospatzen dugu. Auschwitzeko kontzentrazio- eta sarraski-esparruan preso zegoela, heriotzara zigortutako senar eta familiadun aita baten tokia hartu zuen, haren ordez bere bizia eskainiz.
Ebanjelioan, Jesusek argi uzten du giza bihotzaren gogortasuna ez dela maitasunaren neurria, ezta senar-emazteak elkartzen dituen loturarena ere. Jainkoaren hasierako asmoa eta dohaina dira neurria: bizitza osorako leialtasuna. Ikasleak ikaratu egiten dira, ezkontzeari uko egitea hobe dela pentsatzeraino. Baina ezkongabetasunaren bideak ere Jainkoaren dohaina du oinarri.
Ezkontza eta zelibatua ez dira elkarren aurkako bokazioak. Biak dira maitasuna osotasunez bizitzeko bideak. Zelibatua ez da maitatzeko beldur direnen babeslekua, Jainkoaren maitasunari beste modu batera erantzuteko bidea baizik. Bi bokazioek elkar argitzen eta sendotzen dute, beren leialtasunaren bidez Jainkoaren maitasun leial eta emankorra munduaren aurrean agerian jartzen dutenean, gaur eta hemen.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments