HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 13
Aldi hartan, hurbildu zitzaion Pedro Jesusi eta galdetu zion:
«Jauna, nire senideak bidegabekeriaren bat egiten badit, zenbat aldiz barkatu behar diot? Zazpi aldiz?». Jesusek erantzun zion:
«Zazpi aldiz ez, baizik eta zazpitan zazpi mila aldiz. Hain zuzen, bere morroiekin kontuak garbitu nahi izan zituen erregearekin bezala gertatzen da zeruetako erreinuarekin. Kontuak garbitzen hastean, dirutza izugarria zor zion bat ekarri zioten. Eta nondik ordaindurik ez baitzuen, bera eta emaztea, seme-alabak eta zituen guztiak saltzeko agindu zuen nagusiak, zorra ordaintzeko. Morroiak, orduan, nagusiaren oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten zion: “Emadazu astia eta dena ordainduko dizut”. Nagusiak, errukiturik, dena barkatu eta libre utzi zuen morroia. Baina morroi hark berak, atera orduko, diru apur bat zor zion bere morroi-lagunarekin topo egin zuen, eta, lepotik heldu eta ito beharrean, esan zion: “Ordain iezadak zor didaana”. Lagunak, oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten zion: “Emadak astia eta dena ordainduko diat”. Baina besteak ezetz, eta joan eta kartzelan sartu zuen, zorra ordaindu arte. Beste morroiak, gertatua ikusirik, biziro atsekabetu ziren, eta nagusiagana joan eta gertatuaren berri eman zioten. Orduan, nagusiak morroiari deitu eta esan zion: “Morroi gaizto hori! Horrenbesteko zorra barkatu diat nik, eskatu didaalako; ez al zen bidezkoa hi ere heure morroi-lagunaz errukitzea, ni hitaz errukitu nintzen bezala?” Eta nagusiak, haserre bizian, borreroen esku utzi zuen, zor guztia ordaindu arte. Zuei ere gauza bera egingo dizue zeruko nire Aitak, senideok elkarri bihotzez barkatzen ez badiozue». Hitzaldi hau bukatu zuenean, Galileatik alde egin eta Judeako mugetan sartu zen Jesus, Jordanez bestaldera igaroz.
Mateo 18, 21 – 19, 1.

Barkamena ez da inoiz barkamen-eske datorrenaren merezimenduen araberakoa, barkatzen duen bihotzaren maitasunaren neurrikoa baizik. Horregatik, Jainkoaren barkamena dugu gure barkamenaren sorburu eta neurri. Hark ez digu barkatzen gure burua zuritzeko gai garelako, maite gaituelako baizik.
Zenbat kostatzen zaigun, ordea, barkatzea! Batzuetan zauria sakonegia iruditzen zaigu, mina handiegia, bihotzondokoa gaindiezina. Ebanjelioak ez digu eskatzen sentitzen ez duguna antzeztera jartzea. Lehen urratsa adiskidetzearen edertasuna aintzat hartzea eta desiratzea izan daiteke: «Jauna, nik ezin dut oraindik, baina barkatu nahi nuke».
Desio apal horretan grazia lanean ari da dagoeneko. Jainkoa gure baitan deika ari zaigu, bihotz gogorra bigunduz eta barkatzeko gai den bihotza prestatuz. Jainkoaren barkamena jasotzen duenak, pixkanaka, besteei ere barkamenaren atea irekitzen ikasten du. Hor hasten da askatasuna: zorra gogoan eduki ordez, senideari berriro ere Kristoren begiekin begiratzen diogunean.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments