HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 10
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Egi-egiaz diotsuet: Gari-alea, lurrean erori eta hiltzen ez bada, bera bakarrik gelditzen da; baina, hiltzen bada, fruitu asko ematen du. Bere bizia maite duenak galdu egingo du; baina mundu honetan bere bizia gutxiesten duenak betiko bizirako gordeko du. Nire zerbitzari izan nahi duenak jarrai biezat eta, Ni nagoen tokian, han izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari dena ohoratu egingo du Aitak».
Joan 12, 24-26.

Lurrean eroritako gari-alearen zoria bizitzaren eta salbamenaren giltzarri bihurtzen da Jesus Jaunaren ahotan. Bere Pazko-misterioaz ari da, baita gure bizitzaz ere. Parabolaren sinpletasunak txunditzen gaitu, eta hankaz gora jartzen du bere burua babestuz eta gordez bizi nahi duen geure logika.
Ebanjelioak lurrean eroritako gari-alearen zorian dagoen jakinduria dastarazten digu. Lehenik eta behin, guztiontzako bizi-lege bat erakusten digu: bere burua ematen duen bizitzak bakarrik ematen duela fruitua. Ondoren, Jesusen jarraitzaileoi gogorarazten digu hura jarraitzea Jauna dagoen tokian egotea dela; haren bidea egitea eta haren Pazkoan parte hartzea: nekaldian, bai, baina baita aintzan ere.
Lorentzo diakono eta martiri santua oroitzen dugu esker onez. Berak, Kristorekin eta Kristo bezala, bizia ez ezik heriotza ere eskaini zion Aitari, Jesusen maitasunez, askoren onerako. Haren eskaintza dei bihurtzen zaigu gaur.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments