HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 9

Jendea ase ondoren, ontzian sarrarazi zituen Jesusek bere ikasleak eta bere aurretik bestaldera joateko agindu zien, berak jendeari agur egin bitartean. Jendea bidali eta gero, mendira igo zen Jesus bera bakarrik, otoitz egitera. Ilundu zuenean, han zegoen bakarrik. Txalupa, ordurako, lehorretik urruti zihoan, olatuek astindua, haizea kontra baitzuen. Goizaldera, Jesus haiengana joan zen ur gainean oinez. Ikasleak, ur gainean ibiltzen ikusi zutenean, ikaratu egin ziren, mamuren bat zelakoan, eta beldurraren beldurrez deiadarka hasi ziren. Baina Jesus berehala mintzatu zitzaien: «Izan bihotz! Ni naiz; ez beldur izan!». Orduan Pedrok esan zion: «Jauna, benetan Zu bazara, agindu iezadazu ur gainean zuregana joateko». Jesusek erantzun: «Zatoz!». Pedro ontzitik jaitsi eta Jesusengana abiatu zen ur gainean oinez. Baina, haizearen indarra nabaritzean, beldurra sartu zitzaion eta, urperatzen hasi zelarik, deiadar egin zuen: «Jauna, salba nazazu!». Berehala Jesusek eskua eman eta heldu zion, esanez: «Sinesmen txikiko hori! Zergatik izan duzu zalantza?». Ontzira igo zirenean, haizea gelditu egin zen. Eta ontzian zeudenak Jesusen aurrean ahuspez jarri ziren,esanez:

«Egiaz Jainkoaren Semea zara Zu!».

Mateo 14, 22-33.

Ebanjelioko pasarte honek fedearen eta konfiantzaren bidea irudikatzeko balio dezake. Ikasleak ekaitzaren erdian daude, beldurrak eta ziurgabetasunak inguratuta. Guk ere sarritan horrela senti gaitezke, bizi behar ditugun egoerak direla eta. Beldur eta segurtasun falta horien aurrean, ordea, Jesus gertu izan dezakegu, haren presentzia ezagutzea sarritan erraza ez bada ere. Ikasleei horrelaxe gertatzen zaie, eta ondorioz, Jesus ur gainean ibiliz hurbiltzen zaienean, lehenik beldurra sentitzen dute. Haren hitza entzun beharko dute lasaitasuna lortzeko: «Izan bihotz! Ni naiz; ez beldur izan!». Pedrok ausardiaz erantzuten dio deiari eta ontzitik irteten da. Hala ere, haizeari begiratzen dionean, zalantza nagusitzen zaio eta hondoratzen hasten da. Gure fedearekin ere antzera gertatzen da: Jesusengan begiak jarrita aurrera egiten dugu, baina beldurrek eta arazoek haren presentzia estaltzen dutenean, indarra ahultzen zaigu. Hala ere, Jesusek ez du inoiz Pedro bakarrik uzten; eskua luzatu eta altxatzen du. Hori da Ebanjelioaren mezurik ederrena: Jainkoa beti dago gure ondoan, baita ahulen sentitzen garenean ere.

Jesusen aurrean, gaurko ebanjelioa kontenplatu, eta berarekin elkarrizketan erantzun: Zure bizitzako ekaitzen aurrean, Jesusengan konfiantza jartzeko gauza al zara, ala askotan beldurra al da garaitzen eta zure egitekoa baldintzatzen duena? Zergatik? Zer eskatuko zenioke Jesusi?

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.