HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 7
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, har beza bere gurutzea eta jarrai biezat. Izan ere, bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia nigatik galtzen duenak, ordea, eskuratu egingo du. Zertako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen badu? Eta zer eman dezake gizakiak bizia berriro eskuratzeko? Izan ere, Gizonaren Semea bere Aitaren aintzaz beterik etorriko da aingeruekin eta orduan bakoitzari bere jokabidearen arabera ordainduko dio. Egia diotsuet: hemen direnetako batzuk ez dira hilko, Gizonaren Semea errege bezala etortzen ikusi arte».
Mateo 16, 24-28.

Gaurko ebanjelioak Jesusen jarraipenerako sustraiko gonbidapena planteatzen digu, edonorentzat erabatekoa dena. Jesusi jarraitzea eta sentimendu horrekiko koherentziaz jokatzen ahalegintzea da gizakiak duen bizi-itxaropen bakarra. Halako baieztapena, ordea, ez al da gehiegizko eta zentzugabea? Ez al dago bizitzarako beste aukerarik?… Ez, gauzen izaera kontingente, iragankor eta hutsalari begiratzen badiogu. “Vanitas vanitatium (vanitatis?), omnia vanitas” (“huskeria hutsa, dena huskeria”) dio Bibliako Kohelet liburuak. Gure nahiak, proiektuak, zereginak sasoiaren ondorio dira; sortu bezain pronto, goiz ala berandu, desagertzera kondenatuta daude, gu ere mundu honetatik desagertuko garen bezala. Hala eta guztiz ere, guk eutsi egiten diogu, bizia lortu nahi dugulako eta iraun nahi dugulako. Desio hori betetzea proiektuak egitearen bidez bilatzen dugu, baina saiakera alferrikakoa da, ezerk ez baitu betiko irauten, gizakiok ezagutzen dugunez. Ez da ezkorra izatea, errealista izatea baizik; edozein gizaki gogoetatsuk egiazta dezakeenez. Hau dela eta, irtenbiderik al dugu ala gure desioak eta bizi-nahiak zoroak al dira? Ebanjelioaren arabera, bada irteera bat, gizakia bizitzara daramana: Bide hori Jainkoarena da, dohain gisa eskaintzen zaiguna. Baina horretan murgiltzeak erabateko jarrera eskatzen du: norberaren egoari eta bizitza norberarengandik eraikitzeari uko egitea, horrela bakarrik utz baitiezaiokegu Jainkoari lekua, Berak gida gaitzan, eta gure bidez jardun ahal izan dezan.
Jesusen aurrean, pasartea kontenplatuz, eta Jesusekin elkarrizketan, hausnar itzazu gaurko berrionak sortarazten dizkizun iradokizunak.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments