HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 4
Aldi hartan, Jerusalemdik etorritako zenbait lege-maisu eta fariseu hurbildu zitzaion Jesusi eta galdetu zioten: «Zergatik hausten dute zure ikasleek zaharren ohitura? Ez dute eskuen garbikuntza egiten jan aurretik». Jendeari dei egin eta esan zion Jesusek: «Entzun eta ulertu ongi: Gizakia ez du ahotik sartzen denak kutsatzen; ahotik ateratzen zaionak, horrek kutsatzen du gizakia». Hurbildu zitzaizkion orduan ikasleak eta esan zioten:
«Ba al dakizu hitz horiekin fariseuak suminduta utzi dituzula?». Jesusek erantzun zien: «Zeruko nire Aitak landatu ez duen landarea sustraitik aterako dute. Utziezue! Itsu dira, eta itsu-gidari. Eta itsuaren gidaria itsua bada, biak eroriko dira zulora».
Mateo 15, 1-2. 10-14.

Gaurko berrionean bi maisu edo agintari erlijioso motaren arteko gatazka aurkitzen dugu. Horietako bakoitzak erlijioa eta Jainkoaren egia ulertzeko bi modu ezberdin agertzen ditu. Fariseuek kanpoko arauei erreparatzen diete, eta Jesusi aurpegiratzen diote bere ikasleek ez dutela zaharren tradizioa jarraitzen; zehazki, jan aurretik ez dituztela eskuak garbitzen. Jesusek, bere aldetik, fariseuen aginpideari uko egiten dio, erratuta omen dabiltzalako; kanpokoari erreparatzen diote, baina benetan garrantzizkoena dena barrukoa da. Barrutik ateratzen denak gizakiaren motibazioei eta asmoei erantzuten die; eta horrek zehazten du gizakiak benetan merezi duen balorazio morala. Ez da eztabaida hutsala, izan ere, gauzen ikuspegi zuzenari buruzko eztabaida da. Erabakigarria da egite-onean asmatzeko eta huskerietan ez galtzeko. Begiradaren jarrera egokia galtzeak benetan garrantzitsuena zer den ulertzeko sentsibilitatea galtzea dakar, eta horrelaxe gertatzen denean, orduan itsu bihurtzen gara, eta Jainkoari buruz predikatzen eta irakasten dugunak ez dio Egiari erantzuten. Hori da, hain zuzen, Jesusen arabera fariseuei gertatzen zaiena. Gaurko Ebanjelioak horrelako arazoaren seriotasuna gogorarazten digu, baina ikuspuntu zuzena erakusten diguten funtsezko erreferenteak ez galtzeko beharra ere gogorarazten digu. Kristauok benetako ikuspuntua erakusten digun benetako maisua ezagutzen dugu Jesusengan; bera da funtsezko erreferentea. Abisu bat dugu teorian hala aitortzen dugun kristauentzat, baina praktikan mila erreferenteren artean galduta ibili ohi garenontzat; egoera bat, bestalde, zaila ez dena gaur egungo munduan.
Jesusen aurrean, gaurko berriona gogoan hartu, eta Jesusekin elkarrizketan hausnartu: Zein neurritan hartzen dugu Jesus gure bizi-aukeren eta balio-sistemaren erreferentetzat? Zergatik?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments