HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 3
Jendea ase ondoren, ontzian sarrarazi zituen Jesusek bere ikasleak eta bere aurretik bestaldera joateko agindu zien, berak jendeari agur egin bitartean. Jendea bidali eta gero, mendira igo zen Jesus bera bakarrik, otoitz egitera. Ilundu zuenean, han zegoen bakarrik. Txalupa, ordurako, lehorretik urruti zihoan, olatuek astindua, haizea kontra baitzuen. Goizaldera, Jesus haiengana joan zen, ur gainean oinez. Ikasleak, ur gainean ibiltzen ikusi zutenean, ikaratu egin ziren, mamuren bat zelakoan, eta beldurraren beldurrez deiadarka hasi ziren. Baina Jesus berehala mintzatu zitzaien: «Izan bihotz! Ni naiz; ez beldur izan!». Orduan Pedrok esan zion: «Jauna, benetan Zu bazara, agindu iezadazu ur gainean zuregana joateko». Jesusek erantzun: «Zatoz!». Pedro ontzitik jaitsi eta Jesusengana abiatu zen, ur gainean oinez. Baina, haizearen indarra nabaritzean, beldurra sartu zitzaion eta, urperatzen hasi zelarik, deiadar egin zuen: «Jauna, salba nazazu!». Berehala Jesusek eskua eman eta heldu zion, esanez: «Sinesmen txikiko hori! Zergatik izan duzu zalantza?». Ontzira igo zirenean, haizea gelditu egin zen. Eta ontzian zeudenak Jesusen aurrean ahuspez jarri ziren,esanez:
«Egiaz Jainkoaren Semea zara Zu!». Itsasoa igaro ondoren, Genesareten iritsi ziren lehorrera. Bertakoek, Jesus ezagutu zutenean, inguruko lurralde guztian zabaldu zuten berria, eta gaixo guztiak eraman zizkioten. Soineko-ertza bederen ukitzen uzteko eskatzen zioten, eta ukitzen zuten guztiak sendaturik gelditzen ziren.
Mateo 14, 22-36.

Gaurko ebanjelioak hainbat gertaldi ezberdinen kate bat erakusten digu: Jesus otoitzean mendian, Jesus eta ikasleak ekaitzaren erdian, Pedroren larrialdia… Jesusen genesaretarren arteko presentzia… Kate horren gai partekatua Jesusen botere salbatzailea da, Jesus Jainkoaren semea den heinean. Botere hori modu ezberdinetan adierazten da, baina beti oso modu boteretsuetan: Jesus itsasoko uretan dabil, kreazioa menperatzen duen Jainko sortzailea bezala; horregatik Jesusek ekaitza menperatzeko eta baretzeko gai da; eta genesaretarren artean bere baitan gorpuzten eta eramaten duen botereak, berarengana hurbildu, eta bere soineko-ertza ukitzen zuten gaixo guztiak sendatuko ditu. Jesus Jainkoaren Seme eta Salbatzaile boteretsu modura ezagutzea kristau esperientziaren oinarri sendoa da. Bere lehenengo ikasleek horrelako aurkintza egin zuten; eta ondoren, asko izan dira historian zehar, halaber, testuinguru eta garai anitzetan ezagutza-esperientzia bera hamaika modutara egin dutenak. Horrelako esperientzia egitea, ordea, ez da gauza erraza, izan ere, testuan kontatzen denez, bizitzaren beldur eta larritasunek Jesus Jauna ezagutzea eragozten dute; eta horrela egiten ez dugunean, hondoratu egin gaitezke. Baina bizipen horretara iristen garenean, bizitza eraldatu egiten da: imajina dezakegu nola? Agian, gaurko berrionak Jesus Salbatzaile eta Jainkoaren Seme bezala ezagutzeko esperientzia eskatzeak fedean oinarri sendoa eraikitzeko beharrezkoa izan daitekeela gogorarazteko balio liezaguke.
Jesusen aurrean, gaurko berriona gogoan hartu, eta Jesusekin elkarrizketan hausnartu: Sinesten al duzu benetan Jesus Jainkoaren Semea dela? Zer esan nahi du horrek zuretzat?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments