HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 2
Aldi hartan, Joan Bataiatzailearen heriotzaren berri jakitean, Jesus leku bakarti batera joan zen bera bakarrik txalupaz. Baina ohartu zen jendea eta oinez jarraitu zion herrietatik. Txalupatik ateratzean, Jesusek jendetza handia ikusi zuen; erruki izan zituen eta gaixoak sendatu zizkien. Ilunabarrean, ikasleek hurbildu eta esan zioten: «Leku bakartia da hau eta orduak aurrera doaz. Bidal ezazu jendea, auzoetara joan eta jatekoa eros dezan». Jesusek esan zien: «Ez dute zertan joan; emaiezue zeuok jaten». Haiek, orduan:
«Ez dugu hemen bost ogi eta bi arrain besterik». Eta Jesusek:
«Ekarri hona». Jendeari belar gainean esertzeko agindu ondoren, hartu zituen bost ogiak eta bi arrainak, eta, begiak zerurantz jasorik, bedeinkapen-otoitza egin, ogiak zatitu eta ikasleei eman zizkien, eta ikasleek jendeari. Asetzeraino jan zuten guztiek, eta gelditutako hondarrez hamabi saski bete bildu zuten. Bost mila gizon inguru ziren jan zutenak, emakumeak eta haurrak aparte.
Mateo 14, 13-21.

“Jesusek (…) erruki izan zituen”
Erruki izan, errukitsua izan Itun Zaharrak erabiltzen du Jainkoa zer nolakoa den deskribatzeko. Jainkoa errukitsua da, Jesus errukitsua da. Hebreeraz erabiltzen den hitza amaren umetokian gertatzen den mugimenduari lotzen zaio; errukitsua izatea da umetokian ernaltzen ari den bizitza dela-eta zirrara sentitzea.
Jendearen beharrak Jesusen erraiei eragin die, Jesus hunkitu du eta horrek seinalatzen du Jainkoaren presentzia.
Errukitsu izatea esanahi askokoa izan daitekeenez gero, komenigarria da zertaz ari garen azaltzea.
Jesusen bizipenean, errukitsu izatea ez da, besterik gabe, barne-barneko sentimendua, baizik eta giza bizitza errotik eraldatzen duen bizipen sakona. Besteak beste, hiru ondorio iraultzaile ditu: Jesusek bere atentzioa bizitzaren galeran jarri beharrean (Joan Bataiatzailearen erailketa), bere inguruan dagoen jendearen beharretara bideratu du; eskura dituen ondasun (indar) guztiak batu eta jendearen gosea kentzeko bideratu du; bere jarraitzailearen identitatea (kristau komunitatearen identitatea) errukitasunaren dinamika horretan txertatu du (hamabi saskiak).
Mota horretako errukitasun-aztarna bakoitzean ageri geratzen da Jainkoa gurekin dagoela, galerak galera, erailketak erailketa.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments