HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 1

Aldi hartan, Jesusen berri jakin zuen Herodes Galileako gobernariak, eta esan zien bere zerbitzariei: «Joan Bataiatzailea da! Hildakoen artetik piztu da, eta horregatik du mirariak egiteko ahalmen hori». Izan ere, Herodesek Joan harrapatu eta, loturik, kartzelan sartua zuen, Herodias zela eta. Herodesen anaia Filiporen emaztea zen Herodias. Joanek esan ohi zion Herodesi: «Ez duzu zilegi emazte hori edukitzea». Herodesek hil egin nahi zuen, baina jendearen beldur zen, profetatzat baitzuten denek. Herodesen urtebetetzean, Herodiasen alabak dantzan egin zuen guztien aurrean eta atsegin izan zitzaion Herodesi. Hargatik, eskatutako guztia emango ziola agindu zion neskatxari, zin eginez. Neskatxak, bere amaren aholkuari jarraituz, esan zion Herodesi: «Emadazu oraintxe bertan Joan Bataiatzailearen burua azpilean». Goibel jarri zen erregea; baina mahaikideen aurrean egindako zinagatik, eskatua emateko agindu zuen, eta Joani lepoa moztu zioten kartzelan. Azpilean burua ekarri eta neskatxari eman zioten, eta neskatxak amari. Joanen ikasleek haren gorpua jasotzera etorri eta lur eman zioten; gero, Jesusi berri ematera joan ziren.

Mateo 14, 1-12.

Drama baten taularatzea: eszenatokian, hainbat interes, interes horien menpeko hainbat morroi; eta morroi horiek inolako errukirik gabeko borrero bihurtzen dira. Giza historiaren amarauna, eta interesen amaraunean, konta ezin ahala biktima harrapatuta.

Gaurko hedabideetako edukien berri dakar pasarte honek? Atzoko, gaurko eta, agidanez, etorkizuneko giza historia malkarra.

Antzezlanaren azken aktoan, biktimaren hondakinak geratu dira fokuen azpian: Joanen gorpua, Joanen ikasle atsekabetuak eta Jesus bera, zeinak bere etorkizun hurbilaren patua ikusi duen.

Bada esperantzarik?

Bai Joan, bai Jesus oso libre izan ziren beren bizitzak biziaren zerbitzuan jartzeko.

Jesus Kristoak Biziaren etorkizunaren atea zabaldu dio giza historiaren biktima orori. Gurutziltzatuaren jarraitzaileok kontatzen eta kantatzen dugu biktima orok esperantza zoro hori konplitua ikusiko duela, giza historiaren triskantzak triskantza.

Esperantza mehe hori da giza dramaren iluntasunean distira umileko argi berekia eta soila, zeinak seinalatzen baitu antzezlanaren azken aktoa ez dela azkena.

Herodes ororen garai beldurgarriotan, partekatu eta elikatu dezagun esperantza bizigarri eta pizgarri hori!

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.