HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 31
Aldi hartan, Jesus bere herrira joan zen eta irakasten ari zitzaien sinagogan. Jendeak, harriturik, hau zioen: «Nondik du honek horrelako jakinduria, eta nondik mirari horiek? Hau ez al da, ba, arotzaren semea? Honen amak ez al du izena Maria, eta honen anaiek Santiago, Jose, Simon eta Judas? Eta honen arrebak ez al dira gure artean bizi? Nondik du, beraz, honek hori guztia?». Eta ezin zuten sinetsi harengan. Jesusek esan zien: «Profetari edonon ematen diote ohore, bere herrianeta etxean izan ezik». Eta, haien sinesgogorkeriagatik, ez zuen han mirari askorik egin.
Mateo 13, 54-58.

Jesus jaio zeneko herriko auzokideen kasua oso bitxia da.
Jesus bera, bere familia, bere haurtzaroa, bere ibilbideak, bere hizkera eta jarduera guztiz txertaturik zeuden Jesusen auzokide horien bizimoduan. Auzokide horiek Jainkoarengan sinesten zuten, sinagogara joaten ziren, eguneroko otoitzak egiten zituzten: ziur aski, jende erlijioso aski ona.
Testuinguru horretan, bitxia da testuko esaldia: “ezin zuten sinetsi harengan”.
Oso bitxia bada ere, auzokide horiek Jainkoaren bila zebiltzan, eta Jainkoa beren ohiko bizitzan izatean, ezin izan zuten sinetsi. Jainkoa ezin zitekeen izan ohiko bizitzaren parte arrunta eta jarduera berezietan bilatzen zuten. Jesus, ordea, ohiko bizitzaren parte xumea zen, jarduera arruntak eta ezagunak zituen; Jesus guztien begi bistan zegoen eta auzokideen begiak itsu zeuden.
Gu guztiok, Jainko bilatzaile zintzoak, ez ote gara Nazareteko auzokideak bezalakoak izango? Baliteke horren hurbila den Jainkoa jasanezina izatea eta, hortaz, nahiago izatea urrezko aldare urrunetan jartzea.
Jesusen Jainkoa oso bitxia da, Jainkoa Jesusengan bezain bitxia.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments