HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Loiolako san Ignazio
Jesus otoitzean bakarrik ari zela, ikasleak hurbildu zitzaizkion, eta Jesusek galdetu zien: «Nor naizela dio jendeak?». Haiek erantzun zioten: «Batzuek Joan Bataiatzailea zarela; beste batzuek Elias; besteek, berriz, antzinako profetaren bat piztu dela». Jesusek, orduan:
«Eta zuek, nor naizela diozue?». Pedrok erantzun zion: «Jainkoaren Mesias». Jesusek inori ez esateko agindu zien zorrotz. Eta esan zien, gainera, ikasleei: «Gizonaren Semeak asko sufritu beharra du; zaharrek, apaizburuek eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dute eta hil, baina hirugarren egunean piztuko da». Eta hau esan zien denei: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, har beza eguneroko bere gurutzea eta jarrai biezat. Izan ere, bere bizia salbatu nahi duenak galdu egingo du; baina bere bizia Nigatik galtzen duenak salbatu egingo du». Zertako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen eta hondatzen badu? Beraz, norbait Nitaz eta nire mezuaz lotsatzen bada, Gizonaren Semea ere lotsatu egingo da hartaz, bere aintzaz eta Aitaren eta aingeru santuen aintzaz beterik etorriko denean».
Lukas 9, 18-26.

Bada aldea jakitearen eta gustatzearen artean.
Doktrinari dagokionez, Pedroren erantzuna ezin da zuzenago izan. Alabaina, zein da doktrinazko baieztapen horren zaporea? Bi gehi bi berdin lau eta Jesus mesias da: baieztapen bi horiek, besterik gabe, aseptikoak, kolorgeak, zaporerik gabekoak izan daitezke.
Zaporerik gabeko biziak ez du merezi. Eta Jesusen bizitza bizia da zaporez gainezka delako, gozoena.
Zertan datza zapore hori? Ez datza doktrina batean, bizipen batean baino, harreman-bizipen batean, harremanak baitira bizitzari zapore ematen diotenak.
Zer harreman mota da bizitzari zapore ona ematen diona? Nork bere bizia lagun hurkoa zoriontsu izateko zerbitzuan jarritako harremana, gizadia gero eta zoriontsuago izateko zerbitzuan. Eta hori Jesusek egin zuen bezala: behetik, oinak garbitzen, detaile xumeetan atentzioa jartzen.
Jesusen konpainia bilatzean, zenbat dugun desikasteko eta zenbat ikasteko!
Loiolako santuak ikasketa horretan inbertitu zuen bere ondare guztia: Jesusi begira, denetan zerbitzatzeko bideak bilatu.
Horretan galdu zuen bizia eta horretan irabazi.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments