HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 30
Aldi hartan, esan zion Jesusek jendeari: «Zeruetako erreinuarekin itsasora bota eta mota guztietako arrainak biltzen dituen sarearekin bezala gertatzen da. Beterik dagoenean, bazterrera ateratzen dute eta, eseririk, onak saskira biltzen dituzte eta txarrak kanpora botatzen. Horrela gertatuko da munduaren azkenean: aingeruak etorri eta gaiztoak zintzoen artetik bereiziko dituzte eta su-labera botako. Han izango da negarra eta hortz-karraska!». Jesusek galdetu zien ikasleei: «Ulertu al duzue hau guztia?». «Bai», erantzun zioten. Eta Jesusek: «Beraz, zeruetako erreinuko ikasle egin den lege-maisua, bere altxorretik zaharrak eta berriak ateratzen dituen etxeko jaunaren antzekoa da». Jesusek, parabola hauek amaitu zituenean, alde egin zuen handik.
Mateo 13, 47-53.

Zeruetako erreinuarekin infernua kontrajartzen da: aurkia eta ifrentzua, biak batera eta biak elkarren kontra.
Hortaz, egin dezagun gogoeta infernuari buruz.
Hara! Berriro ere zigorraren erlijioari eutsiko ote diogu jendearen konbertsioa lortzeko?
Egon! Ez atera ondorio arinik!
Testuan, infernuaren sinbolo nagusia “negarra eta hortz-karraska” da, gizakiaren bizipen berezia adierazten baitu (su-labea sinboloaren kokapena da). Sinbolo horren bitartez, giza harreman mota bat deskribatzen da modu bortitz eta gordinean: giza inkomunikazioarena.
Hortaz, aurkia komunikazioa bada, ifrentzua inkomunikazioa. Zeruetako erreinua ez da leku bat harreman mota bat baizik, komunikazio betea dakarren harremana, gizakiaren bizipoza, biziaren oparia. Beste horrenbeste gertatzen da infernuarekin, baina ifrentzuan: gizakiaren jarduerak dakarren hondamendia.
Gure (nire, gure, gizadiaren) eguneroko jarduerak badakar komunikazioa edo inkomunikazioa gure buruarekin, gure lagun hurkoarekin, gizartearekin, naturarekin, oro har, Biziarekin.
Soilik gizakiak (gizadiak) eraiki dezake bere neurriko inkomunikazio-erreinu bat (holokaustoa, besteak beste).
Infernuak zer pentsatua ematen du giza historia garaikide latz honetan!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments