HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 28
Aldi hartan, jendea agurturik, etxera joan zen Jesus. Orduan, ikasleak hurbildu zitzaizkion, esanez: «Argi iezaguzu soroko irakaren parabola». Jesusek erantzun zien: «Hazi ona ereiten duena Gizonaren Semea da; soroa mundua; hazi ona erreinuko seme-alabak dira; iraka, berriz, gaiztoarenak; iraka erein duen etsaia deabrua da; uzta munduaren azkena, eta uzta-biltzaileak aingeruak. Iraka bildu eta suan erretzen den bezala, hala gertatuko da munduaren azkenean ere. Gizonaren Semeak bere aingeruak bidaliko ditu, eta haren erreinutik bereizi egingo dituzte gaizkileak eta besterentzat gaizpide izan direnak, eta su-labera botako dituzte. Han izango da negarra eta hortz-karraska! Orduan, zintzoek eguzkiak bezala egingo dute distira beren Aitaren erreinuan. Belarririk duenak entzun beza».
Mateo 13, 36-43.

Etxea intimitatearen espazioa da.
Jendea eta zereginak atzean geratu dira, baina jendearen sufrimenduak bere horretan dirau; etsigarria da ikustea munduko gaitza erauzteko gure ezintasuna. Zer hauskorrak diren gizakion hitza eta bizitza!
Eta Jesusek, etxeko intimitatean, elkarrizketa pertsonal horretan, ez du prisarik erakutsi, ezta larritasunik ere. Lasaitasunez onartu du iraka eta hazi ona batera doazela munduko denboran. Haren ikasleei zeruetako logika ulertzea asko kostatu bazaie ere, Jesusek ez du patxada galdu.
Antza denez, Jesusen begiradan, gaitzik gabeko mundua ez da erreala, egoera hori munduaren azkenera arte luzatuko baita. Zer errealista zen Jesus!
Munduan garatzen ari den zeruetako erreinuak sekretu ezkutu bat gordetzen du bere baitan: nola bizi zoriontsu gaitza auzokide saihestezina izan arren, hots, patxadaz onartu iraka gaitza dela eta, aldi berean, iraka ezin daitekeela erauzi.
Intimitatearen supazterrean, Jesu Kristorekin jositako aspergabeko hitz-aspertu etengabea lotzen zaio sekretu horri.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Jesusen begirada errealista nahi dut niretzat, ongi eta gaizkia daudela onartuz, Jainkoaren Erreinuaren esperantzaz munduari so egiten duena.