HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 27
Aldi hartan, parabola hau esan zion Jesusek jendeari: «Zeruetako erreinua gizon batek soroan ereiten duen mostaza-haziaren antzekoa da. Hazi guztietan txikiena da; baina, hazten denean, beste barazki guztiak baino handiago bihurtzen da eta zuhaitz egiten, txoriek etorri eta haren adarretan habiak egiteko moduko zuhaitza». Beste parabola hau ere esan zien: «Zeruetako erreinua legamiaren antzekoa da: emakume batek hiru lakari-irinetan nahasten du, eta ore guztia harrotzen da». Irakaspen hau guztia parabola bidez eman zion Jesusek jendeari, eta ez zien ezer irakasten parabola bidez izan ezik. Honela bete zen Jainkoak profetaren bidez esana: «Parabola bidez mintzatuko naiz, munduaren hasieratik gordea zegoena azalduko dut».
Mateo 13, 31-35.

Bai gizartean, bai norbere esparruan, beti ordenatzen dugu giza mundua. Ordenamenduaren logika galdera bati atxikitzen zaio: zeri (nori) ematen diogu lehentasuna?
Eta, Jesusek, zeri ematen zion inportantzia? Nola ordenatzen zuen bere mundu pertsonala?
Zalantzarik gabe, Jesusen lehentasun absolutua zeruetako erreinua izan zen. Baina Jesusen bizipenean, zeruetako erreinua ez zegoen zeruan, munduko errealitate materialean baino, detaile ñimiñoetan, dinamismo ikusezinetan, jende xumearengan, oro har, gizarteak balioesten ez dituen datuetan, horiek ez baitira hautemangarriak arretaz eta intentzioz ez badiegu begiratzen.
Horra hor Jainkoaren presentzia usnatzeko jarraibide interesgarria: agidanez, Jesusen Jainkoa ez da kabitzen giza eraikuntzarik erraldoienean baina bazterreko eta (merkatu) baliorik gabeko jende xumea (mostaza eta legamia) bizi du Jesusen Jainkoak.
Hazirik ñimiñoenek, legamia ikusezinak beren ingurua itxuratuko dute, nahiz eta adituen estatistikek kontuan ez eduki.
Zeri ematen diogu lehentasuna?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments