Ohituta gaude, Aita,
zure erregetza beste leku batean
(zeruaren urdinaz harago, agian)
edota beste denbora batean
(heriotzaz harago, ziurrenik)
dagoela edo gauzatuko dela pentsatzen.
Baina Jesusek besterik esaten zigun:
zure erregetza hurbil dagoela
eta areago –gaurko testuan, adibidez–,
edozein momentutan aurkitu ahal dugula
eta orduan bizitza osorako sostengua izango dela.
Eskerrak ematen dizkizugu, Jauna,
guretzat duzun senidetasun-proiektua
–justizia, maitasuna,
guztien duintasun berbera,
askatasuna, bakea…–
gure artean gauzatzen ikusi ahal dugulako:
lanean,
adiskideen harremanetan,
gurasoen edo seme-alaben zaintzan,
atsedenean,
baita krudelkeriarik gorrienean ere.
Eskerrak, Aita-Ama,
gure egunerokoan agertzen zarelako,
neba-arrebak izan gaitezela proposatuz,
horrela zu gure gurasoa izan ahal izateko.
Zure proiektu horretan
konpromisoa hartu nahi dugu,
baina zaila egiten zaigu sarritan:
asko kostatzen zaigu zure seinaleak bereiztea
eta are gehiago konfiantza izatea.
Eman iezaguzu argia
eta indarra ere bai.
Argia behar dugu
gure Historian eta gure historietan agertzen zarenean,
ezagutu ahal izateko
(besterik ez bada, Moisesek bezala,
bizkarretik,
jadanik igaro zarenean);
eta indarra ere behar dugu
konfiantza zugan jarri ahal izateko,
segurtasuna ematen diguten gauzak baino lehen
zure promesak hautatzeko.
Horrela, ditugun gauza guztiak alboratu
eta gure altxorra gure sostengua,
zeu zarela onartuz joan ahal izango gara.
0 Comments