Lurdes Iriondo pastorala eta fedea

2026 Uzt 24

 

Zuberoan aspalditik datorren tradizio xarmangarria da urteroko Pastorala: herri bateko biztanleek bi edo hiru alditan taularatzen duten herri-antzerkia, betiere bertsoa, dantza eta kanta uztartuz. Egun osoko jai erraldoia izaten da. Egia da azken urteotan zenbait berritasun sartzen ari direla, gaietan esaterako, baina betiere molde zaharrari atxikita.

Aurtengoa Maule ondoko Sohütako bizilagunak jokatzen ari dira Hoki auzoko oholtzan. Leire eta Intza Casamajou-Elkegarai ahizpa sohütarrek idatzi dute Lurdes Iriondo pastorala. Hel bekie zorionik beroena haren bizitza hain ongi eta zuzen islatzeagatik! Uztailaren 19ko emanaldia eguzki-galgatan ikusteko aukera izan nuen, eta zinez merezi izan zuen. Horregatik, hurrengo bi emanaldietarako gonbidapena luzatzen dizuet: uztailaren 24an, arratsaldeko 20:00etan, eta uztailaren 26an, goizeko 9:30ean.

Idazki honetan, Lurdesen fedea nola tratatu den argitzen saiatuko naiz labur-labur. Hasteko, esan beharra dago, oraingoz —pastoralen tradizioari jarraituz— jaia goizean hasten dela, mezarekin. Oholtzan bertan ospatzen da eta pastoraleko arizaleek kantatzen dute. Noski, zubereraz egiten da eta apezak bertsotan ematen du bere predikua.

Arestian esan bezala, bi ahizpa idazleek ondo eta zuzen landu dituzte Lurdesen biografiako kristau-fedea, Elizaren partaidetza eta kantagintza, modu organiko zein sakonean; hiru elementu horiek uztartu zituelako Lurdes Iriondok bere ibilbide osoan. Bere biografian ageri denez, fedeak eta komunitate-lanak kantagintzaren zein irakasletzaren ardatz espiritual eta pedagogikoa osatu zuten, eta horrek berezi bihurtu zuen haren ekarpena euskal kulturaren eta pastoraltzaren historian.

Lurdesek gaztetatik sortutako lehen kantuek kutsu erlijiosoa zuten. Fede-esperientziatik eta parrokiako jardueratik elikaturiko kantuak ziren. Inguruko apaizek lagundu zioten kantuak moldatzen eta euskaratzen; horrek erakusten du kantuak komunitate kristauaren zerbitzura ere sortzen zirela. Horregatik, antzezlanaren 76. bertsoan aipatzen da entzule batzuentzat “kristauegiak” zirela haren kantak eta moldeak.

Urnietako parrokian haurrekin eta gazteekin lan handia egin zuen: kantuak irakatsi, antzerkiak prestatu, ospakizunetarako musika landu… Pastoraltzaren ikuspegitik, Lurdes liturgiaren eta komunitatearen bizitza aberasteko asmoz aritu zen, eta horrek haren kantagintzaren izaera herrikoi eta espirituala sendotu zuen.

Egia da, Ez Dok Amairu taldean sartuta eta herriko giroan murgilduta, kanten letrak gogortzen hasi zirela, injustizia salatuz, zentsura zorrotzak uzten zuen neurrian (ikuskizunaren 117. bertsoan aipatzen den bezala). Talde horretan parte hartzeak bestalde fedea eta herrigintza uztartzeko modu berezia eman zion; izan ere, ulertzen zuen kultura eta hizkuntza zaintzea ere pastoraltza-lana zela, pertsonen duintasuna eta identitatea babesteko bidea. Bere kantuetan ageri den kritika soziala, herri-sentimendua eta espiritualtasuna Ebanjelioaren argitan irakur daitezke: egia bilatzeko, justizia defendatzeko eta itxaropena pizteko ahalegin gisa.

Emankizunean Lurdes eta Xabier Leteren arteko ezkontza agertzen da, apaiz eta guzti; Xabierren osaba apaizak ezkondu zituela aipatzen da, Lurdes iloba berritzat hartuta.

Bere azken urteetan, Espainiatik etorritako migratzaileak euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko ahaleginetan aritu zen, pazientzia handiz.

Lurdesek gaztetandik ikasi behar izan zuen osasun-arazoekin bizitzen eta bere ametsak egoera horretara egokitzen. Heriotza gertu sentitu zuen unea antzezterakoan, honako hau jartzen dute bi ahizpa sohütarrek Lurdesen ahotan (236. bertsoan):

Heriotza gainean düt / beldurra ez düt handia
Behar düanean jiten beita / ezin nezake kanbia.
Eta, ondoren, Lurdesen hitzak:

“Heriotzaren irudia ez da sorpresa bat niretzat, eta ez nau beldurtzen. (…) Etorri behar duenean etorriko da heriotza ere, eta ez dago hemen zer eginik. Gainera, heriotzaren ideia ez da berdina sinesmendunentzat eta sinesgabeentzat. Eta gauzak lasai hartzen ahaleginduko naiz.”

Luzeegi atera zaidan idazkitxo hau bukatzeko, esan beharra dago kantuak eta dantzak xarmangarriak direla, pastoraletan ohi denez. Beraz, joateko zein ikusteko aukera baduzue, ez zarete damutuko: Lurdes Iriondori benetakotasuna dario eta asko ikasi dut beragandik. Eskerrik asko eta egun handira arte!

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.