HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 19

Aldi hartan, parabola hau esan zion Jesusek jendeari: «Zeruetako erreinuarekin gizon batek soroan hazi ona erein zuenean bezala gertatzen da. Jendea lo zegoela, etorri zen etsaia eta gari artean iraka erein zuen eta alde egin. Garia hazi eta burutu zenean, han azaldu zen iraka ere. Joan ziren, orduan, morroiak etxeko nagusiagana eta esan zioten: “Jauna, ez al zenuen hazi ona erein soroan? Nondik dator, bada, iraka?” Nagusiak erantzun zien: “Etsaiaren lana da hori”. Morroiek, orduan: “Joango al gara iraka biltzera?” Eta nagusiak: “Ez! Ez dadila gerta, iraka biltzean garia ere ateratzea. Utzi biak batera hazten uztaroa iritsi arte; orduan, igitariei esango diet: bildu lehendabizi iraka, lotu balatan eta erre; garia, berriz, jaso nire mandiora”». Jesusek beste parabola hau esan zion jendeari: «Zeruetako erreinua gizon batek soroan ereiten duen mostaza-haziaren antzekoa da. Hazi guztietan txikiena da; baina, hazten denean, beste barazki guztiak baino handiago egiten da eta zuhaitz bihurtzen, txoriek etorri eta haren adarretan habiak egiteko moduko zuhaitz». Beste parabola hau ere esan zion jendeari: «Zeruetako erreinua legamiaren antzekoa da: emakume batek hiru lakari-irinetan nahasten du, eta ore guztia harrotzen da». Irakaspen hau guztia parabola bidez eman zion Jesusek jendeari, eta ez zien ezer irakasten parabola bidez izan ezik. Honela bete zen Jainkoak profetaren bidez esana: «Parabola bidez mintzatuko naiz, munduaren hasieratik gordea zegoena azalduko dut». Ondoren, jendea agurturik, etxera joan zen Jesus. Orduan, ikasleak hurbildu zitzaizkion, esanez: «Argi iezaguzu soroko irakaren parabola». Jesusek erantzun zien: «Hazi ona ereiten duena Gizonaren Semea da; soroa mundua; hazi ona erreinuko seme-alabak dira; iraka, berriz, gaiztoarenak; iraka erein duen etsaia deabrua da; uzta munduaren azkena, eta uzta-biltzaileak aingeruak. Iraka bildu eta suan erretzen den bezala, hala gertatuko da munduaren azkenean ere. Gizonaren Semeak bere aingeruak bidaliko ditu, eta haren erreinutik bereizi egingo dituzte gaizkileak eta besterentzat gaizpide izan direnak, eta su-labera botako dituzte. Han izango da negarra eta hortz-karraska! Orduan, zintzoek eguzkiak bezala egingo dute distira beren Aitaren erreinuan. Belarririk duenak aditu beza».

Mateo 13, 24-43.

Zein ederra den Jesus paraboletan entzutea!! Egia irudien bidez baino ezin da agertu. Ez dago Jaungoikoari buruzko hitz zehatzagorik parabolek agertzen dutenak baino. Jaungoikoa ezin da hitz estu eta larrietan sartu, ez da kabitzen. Jaungoikoak irudi zabal eta ugalkorrak behar ditu bera nor den asmatzen joan gaitezen. Eta Jesusek garaikideen irudiak erabiltzen ditu ulerkorrak izan daitezen, guretzat, kaletar postmodernoentzat, neurri baten arrotzak izan arren. Ederra da Jesusek bizitza arrunteko irudiak aukeratu izana Jaungoikoari buruz bere esperientzia sakona partekatzeko. Alde batetik eguneroko bizitza horren ondo ezagutzen zuelako agerian lagatzen duelako eta bestetik, egunerokotasuna “sakratutzat” duelako, Jaungoikoaren “lekua” izan daitekeelako. Eta azkenik, egunerokotasun sakratu horretatik, beharrezkoa ez duelako emakumeak kanpoan uztea. Jesusek adierazten digunaren arabera, bizitza osoan Jaungoikoa da presente dagoena. Jaungoikoa bizitza osoan presente dagoela igartzea da guretzako erronka.

Marisabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.