HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 17
Aldi hartan, larunbatean gari-soroetan barrena zihoan Jesus. Ikasleak goseak zeuden eta galburuak moztu eta jaten hasi ziren. Hori ikustean, fariseuek esan zioten Jesusi: «Begira, larunbatez zilegi ez dena egiten ari dira zure ikasleak». Hark erantzun: «Ez al duzue irakurri zer egin zuen Davidek, bera eta lagunak goseak gertatu ziren batean? Nola Jainkoaren etxean sartu eta Jaunari eskainiriko ogiak jan zituzten, legez ez berak ez beraren lagunek, baizik eta apaizek bakarrik jan zitzaketenak? Edota ez al duzue irakurri Moisesen legean apaizek larunbatero hausten dutela tenpluan atseden-legea, horregatik errudun izan gabe? Ba, Nik diotsuet: bada hemen tenplua baino gehiago den norbait. Ulertu bazenute zer esan nahi duen Jainkoak esandako honek: “Nahiago dut errukia sakrifizioak baino”, ez zenituzketen errugabeok gaitzetsiko. Zeren Gizonaren Semea larunbataren nagusi baita».
Mateo 12, 1-8.

Gaurko ebanjelioaren atal honek, lehenengo lerroan fariseuen begirada jartzen du. Jesusen begiradatik zein urrun geratzen den begirada hau begi bistan agertzen da. Jesusen begirada – horrela joan da agertzen aste honetan ebanjelioari egin diogun irakurketaren bidez – errealitateari esanahi berria emateko gai da, gaitzen gaitu. Fariseuena, aldiz, ez du ona den berritasunean Jaungoikoaren aztarnik aurkitzen. Euren gizatasun gabeko begirada motz eta estuek, legearen espiritua galarazten dute. Eta ondorioak epaia eta zigorra baino ez dira. Arazoen aurrean zein da gure begirada? Jaungoikoak bere kreazioari dion begirada maitalea? Legearen letrara murrizten den begirada? Olerki abestuaren ildoa jarraituz, egin diezaiogun Jesusen begiradari leku:
Zure begiak Jesus, nik ere banitu,
itzalak eta herrak, nola ez barkatu,
ditzadan ene lagunak besarkatu.
Begien biziak argi egiten ditu ilunak,
begien biziak gezurretik jalitzen egia,
begien biziak nola agertzen du maitasuna,
begien bizia, zu, Jauna.
Begien argia xoratuz dabil, mundu ederraz,
begien argiak hauts-petikan jalitzen pindarrak,
begien argian guk ikusten Ebanjelioa,
begien argia, zu, Jauna.
Begien bideak zabaltzen ditu gure urratsak,
begien bideak muga ororen hauts-errautsleak,
begien bidea zeru ate idekitzailea,
begien bidea, zu, Jauna.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Nahiago dut errukia sakrifioak baino