HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 13
Aldi hartan, Jesusek esan zien apostoluei: «Ez uste izan munduari bakea ekartzera etorria naizenik; bakea ez, baizik banaketa ekartzera etorria naiz. Bai, semea aitagandik banatzera etorri naiz, alaba amagandik eta erraina amaginarrebagandik banatzera. Eta nork bere etxekoak izango ditu etsai. Aita nahiz ama Ni baino maiteago duena ez da niretzat gai; semea nahiz alaba Ni baino maiteago duena ez da niretzat gai. Bere gurutzea hartu eta jarraitzen ez didana ez da niretzat gai. Bere biziaren jabe izan nahian dabilenak galdu egingo du; bere bizia nigatik galtzen duenak, ordea, eskuratu egingo du. Zuek onartzen zaituztenak Ni onartzen nau, eta Ni onartzen nauenak bidali nauena onartzen du. Profeta bat, profeta delako, onartzen duenak profetari zor zaion saria izango du, eta pertsona zuzen bat, zuzena delako, onartzen duenak pertsona zuzenari zor zaion saria izango du; eta txiki hauetako bati, nire ikasle delako, baso bat ur fresko besterik ez bada ere ematen diona, benetan diotsuet ez dela saririk gabe geldituko». Hamabi ikasleei argibide hauek ematen amaitu zuenean, joan egin zen Jesus handik, herri haietan irakastera eta mezua hots egitera.
Mateo 10, 34 – 11, 1.

Jesusek ebanjelioan gure mundura dion begirada eskuratzen digu behin eta berriro. Gaurkoan ere horrela egiten du. Errealitatea ezagutzea ebanjelioaren lehenengo pausua izan ohi da, ebanjelioak ez gaituelako errealitatetik kanpo bidaltzen. Gaurko atalean nora begira gabiltzan aztertzeko gonbitea luzatzen digu. Jesusen proposamena argia da, probokatzailea neurri baten. Zati honen lehenengo bertsikuluek gure inguru txiki eta laburrean murgiltzen garen einean, zatiketa, distantzia sortzen dugula agerian usten du. Bigarren partean aldiz, hau da, Jesusen proiektuari behar diogun lehentasuna ematen diogunean dena aldatuta geratzen da eta onarpena, hurbiltasuna, sortzen dira, agertzen dira, begi bistan ditugu.
Zer dugu aurrean? Zer da begi bistan duguna? Eta Jaungoikoaren proiektuarekin zerikusia du edo kontrako bidean jartzen gaitu?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments