HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 12

Egun hartan, Jesus etxetik irten eta itsasertzean eseri zen. Eta hainbeste jende bildu baitzitzaion inguruan, txalupa batera igo eta bertan eseri zen. Jende-taldea, berriz, hondartzan zegoen. Gauza asko esan zien, parabola bidez hitz eginez: «Behin batean, atera zen ereilea hazia ereitera. Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen, eta txoriek etorri eta jan egin zuten. Beste zenbait ale harri artean erori zen, lur handirik ez zen lekuan, eta, lur axala izanik, berehala erne zen; baina eguzkiak jo orduko, erre egin zen eta, sustrairik ez zuelako, ihartu. Beste zenbait ale sasi artean erori zen, eta sasiak, haztean, ito egin zuen hazia. Gainerakoak lur onean erori ziren, eta fruitua eman zuten: bateko ehun nahiz hirurogei nahiz hogeita hamar. Belarririk duenak entzun beza». Ikasleek hurbildu eta galdera egin zioten Jesusi: «Zergatik hitz egiten diezu parabola bidez?». Jesusek erantzun zien: «Zuei eman zaizue zeruetako erreinuaren misterioak ezagutzea; horiei, ordea, ez. Izan ere, duenari eman egingo zaio eta gainezka izango du; ez duenari, ordea, duen apurra ere kendu egingo zaio. Hona zergatik hitz egiten diedan parabola bidez: begiratu bai, baina ikusten ez dutelako; entzun bai, baina aditzen ez dutelako, ezta ulertzen ere. Horrela, Isaias profetak esana betetzen da horiengan: “Entzungo duzue, bai, baina ulertu ez; ikusiko duzue, baina ohartu ez. Izan ere, herri honek gogortu egin ditu buru-bihotzak, gortu belarriak, itsutu begiak. Ez dezaten begiez ikusi, ez belarriez entzun, ezta buruaz ulertu ere, horrela nigana bihur ez daitezen eta salba ez ditzadan”. Zorionekoak, ordea, zuen begiak, ikusten dutelako, eta zuen belarriak, entzuten dutelako. Benetan diotsuet: profeta eta zintzo askok ikusi nahi izan zuen zuek ikusten duzuena, baina ez zuten ikusi, eta entzun zuek entzuten duzuena, baina ez zuten entzun». Jesusek esan zien ikasleei: «Entzun ereilearen parabolaren esanahia: erreinuaren mezua entzun bai, baina ulertzen ez duenari, Gaiztoak etorri eta kendu egiten dio bihotzean ereindakoa. Hori da bide-bazterrean ereindakoa. Harri artean ereindakoa hauxe da: hitza entzutean, berehala pozik hartzen duena; baina, sustrairik gabea eta iraupen txikikoa izanik, hitza dela- eta estutasun edo erasoaldiren bat sortu orduko, berehala huts egiten du. Sasi artean ereindakoa hauxe da: hitza entzun bai, baina mundu honetako ardurak eta diru-goseak ito egiten diote hitza, fruiturik gabe utziz. Lur onean ereindakoa, berriz, hauxe da: hitza entzun eta ulertzen duena. Honek ematen du fruitua: bateko ehun nahiz hirurogei nahiz hogeita hamar».

Mateo 13, 1-23.

Jesusek Bera den haziari buruz ari dela pentsa dezakegu testu hau irakurtzean. Alabaina, lurraz ere mintzo da. Eta agian hor dago gakoa. Ezen, bizitzan kontua ez baita zenbat jasotzen dugun edota zer nolakoa den jasotzen dugun hori, baizik eta geure barruan berau jasotzeko behar besteko tokia ote dugun.

Denok gara, une batean edo bestean, nola edo hala, bide bazter, harri edo sasi. Eta, zorionez, denok gara batzuetan lur on ere. Jainkoak ez du etsitzen. Ereiten jarraitzen du, gure bihotza prest egon ala ez.

Zinezko bizitza espiritualak ez du zertan aparteko gauzak egitea eskatu behar. Askotan hasiera batean ez dakigu Berri Onak nondik nora eramango gaituen. Baina, misterioari heldu behar diogu aurren-aurrenik. Barne isiltasuna behar dugu horretarako. Hitzak sustraiak behar ditu. Eta sustraiak ez dira presaka eta egun batetik bestera hazten.

Batzuetan, gure kezkek eta beldurrek itotzen dute barruan jaiotzen ari dena. Beste batzuetan, dena azkar nahi dugu, eta pazientziarik ezean, lehortu egiten da esperantza. Lur ona ez da perfekzioarekin lotu behar. Harrerarekin du loturarik. Entzuteko prest dagoen bihotzarekin. Jainkoak ez du fruitua behartzen; haziak ereiten ditu, maitasunez eta pazientzia infinituaz.

Gure egitekoa ez da uzta kontrolatzea. Bihotza zabalik mantentzea baizik. Eta batzuetan, hori nahikoa da miraria gerta dadin.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.