HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 10
Aldi hartan, Jesusek esan zien apostoluei: «Hara, ardiak otso artera bezala bidaltzen zaituztet. Izan zaitezte, bada, sugeak bezain zuhur eta usoak bezain xalo. Kontuz jendearekin! Auzitegietara eramango zaituztete eta sinagogetan zigorkatuko; agintarien eta erregeen aurrera eramango zaituztete nigatik, aitormen egin dezazuen haien eta jentilen aurrean. Eramaten zaituztetenean, ez egon zer eta nola esango duzuen kezkatan: une hartan bertan adieraziko dizue Jainkoak zer esan; ez zarete zuek mintzatuko, zuen Aitaren Espiritua mintzatuko da zuen bidez. Anaiak anaia emango du heriotzara, eta aitak semea; seme-alabak gurasoen aurka altxatuko dira eta hil egingo dituzte. Mundu guztiak gorroto izango dizue nigatik; baina azkeneraino irauten duena, horixe izango da salbatua. Herri batean pertsegitzen bazaituztete, egin ihes beste batera. Benetan diotsuet: Gizonaren Semea etorri aurretik, ez dituzue Israelgo herri guztiak igaroko».
Mateo 10, 16-23.

Jesusen hitz hauek ez dira mehatxu bat, baizik eta Berari jarraitzetik segitzen den egia sakonaren oroigarri. Kristau izatea askotan ez baita bide samurra izango. Hala ere, beti konfiantzaren bidea izan beharko da. Ardiak bezala bidaliak gara, gure ahulezian bertan Jainkoaren indarra ager dadin.
Deigarria da kontua, Jesusek ez digu berez arrakastarik agintzen, ezta sufrimendurik eza ere. Zenbait zailtasun eta oztopo izan ditzakegu bidean. Guztiarekin ere, ez dugu zertan beldurrik izan behar. Fedeak egingo du berea; gizakiak bere kaxa ezin duenean, Espirituak egingo du berea gutxien espero denean. Ez gaude bakarrik. Gure ahotsa agortzen denean, Jainkoaren isiltasunaren mintzoa hasiko da.
«Sugeak bezain zuhur eta usoak bezain xalo» izateko gonbita oreka zail baterako deia baino ez da. Hau ez da inozotasunarekin nahastu behar; bihotz garbi baten jakinduriaz-edo ari zaigu, bizitzak berak irakasten digun heldutasun apalaz.
Munduak ez gaitu beti ulertuko, ez du beti maitasunaren logika ulertuko. Horregatik, askotan, fededunak bakardadea edo arbuioa ere sentituko ditugu. Hori ez da azken hitza baina. Zailtasunak zailtasun, fedeari eusteari uzten ez dionak iritsiko du azkenik oraindik ikusgai ez zaigun hori. Gure hauskortasunean ere, lanean ari da Jainkoa. Agian ez digu bidea samurtuko, baina bidelagun izango dugu Bera betiere. Eta hori nahikoa dugu aurrera jarraitu ahal izateko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments