HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 8
Aldi hartan, Jesusek, hamabi ikasleei dei eginik, ahalmena eman zien espiritu gaiztoak botatzeko eta gaitz eta eritasun guztiak sendatzeko. Hona hamabi apostoluen izenak: lehenbizi Simon, Pedro deritzana, eta honen anaia Andres; Santiago Zebedeorena eta honen anaia Joan; Felipe eta Bartolome, Tomas eta Mateo zergalaria, Santiago Alfeorena eta Tadeo, Simon Zelote eta Judas Iskariote, Jesus saldu zuena. Hamabi horiek bidali zituen Jesusek, ohar hauek eginez:
«Ez joan jentilen lurraldeetara, ez sartu Samariako herrialdean ere, baizik eta zoazte Israel herriko ardi galduetara. Bidean zoaztela, hots egin hurbil dela zeruetako erreinua».
Mateo 10, 1-7.

Horrela behar gaitu Jesusek, abian gaudela. Ez Berri Ona nork berarentzat gorde beharreko kontu gisa. Behin jasota eraldatu eta martxan jarrarazi behar gaitu. Ikasleak bezala, gutako bakoitzarengana zuzentzen da Jesus. Norberari bere izen-abizenez deituz. Garen modu-moduak izanik behar gaitu. Gure bertutekin eta gure gabeziekin. Gure karismekin eta gure ezinekin. Benetako jendea behar du. Dena denongan egon dadin. Izan ere, Jesusekin bat eginez gero, asko da norberak eman dezakeena, batik bat, besteek emandakoarekin bat eginda, Jesusen gorputzarekin bat egiten duelako. Ez du inporta geure burua oso gai ez ikusteak. Denok batera arituko gara Jesusekin batera eta Jesusen baitan. Guztia egongo da guztiengan. Ez dezagun pentsa asko falta dugunik ardi galduak izateko. Denok gara ardi galduak deituak izan gareneko Argi Gidaririk ezean. Norberak ezin du bere burua sendatu, nahiz eta horretan sinesten dugun luzez gure bizialdian. Denok ari gara etengabe deituak gure eguneroko heriotza praktikak behingoz bazter utz ditzagun.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments