HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 6

Aldi hartan, Jesus mintzatzen ari zela, buruzagietako bat etorri zitzaion eta, ahuspezturik, esan zion: «Hil berria dut alaba; baina zatoz hari eskua ezartzera, eta biziko da». Jesus jaiki eta ondoren joan zitzaion bere ikasleekin. Hontan, hamabi urte hartan odol-jarioz zegoen emakume bat atzetik hurbildu zitzaion Jesusi eta soineko-ertza ukitu zion, hau baitzioen bere baitan: «Jantzia bederen ukitzen badiot, sendatuko naiz». Itzuli zen Jesus eta, emakumea ikustean, esan zion: «Izan bihotz, alaba! Zeure sinesmenak sendatu zaitu». Eta ordu beretik sendatua gelditu zen. Iritsi zen Jesus buruzagiaren etxera eta, hango erostariak eta jendearen istilua ikustean, esan zien:

«Alde hemendik! Neskatxa ez dago hila, lo dago». Haiek barre egin zioten. Jendea bidali zutenean, sartu zen Jesus eta eskutik heldu zion neskatxari, eta neskatxa jaiki egin zen. Inguru hartan guztian zabaldu zen gertatuaren berri.

Mateo 9, 18-26.

Hamabi urtez odol-jarioz. Ziurrenik denak jada huts egin zionean egin zuen emakume honek Jesusen alde. Ziurrenik denetarik frogatua izango zuen aurrez bere gaitza sendatze aldera. Azkenik baina, graziak piztuko zion fedea. Apaltasunetik ernatutako fedea, Jesusen jantzia ukitze soilarekin konformatzen den fedea. Fede sendoa baina, horretan baitzuen jarrita bere itxaropen osoa.

Eta zer nola doaz geure bitzak? Zer fasetan bizi gara? Emakume hori hamabi urtez ibilitako eran al gabiltza geu ere? Miseriazko paktuak eginaz bizitzarekin? Bizitza zinez  bizitzeko eman beharreko letra larrizko Baietza beti biharko uzten? Bizitza galtzen dugu jarioan emakume honek bezala. Eta halere, hor gabiltza, beti “oraindik ez”, “pixka bat gehiago”, geure buruari esan eta esan. Jakin, badakigu, geure buruan zentratutako arrakastak eta gozamenak bide laburra dutela, eta hala ere hor ari gara ekin eta ekin, geurez lortuko dugulakoan. Jesusen aldeko hautua baina guztizkoa da, bizi emailea, eta eraldatzailea guztiz. Horren alde eginez gero, bizitza galtzeari utziko diogu betiko. Baina benetan prest al gaude? Jesus ukitu dezakegula sinesten al dugu?

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.