Nola izendatu izendaezina? (6) Amaita / Ama-Aita

2026 Uzt 6

Gure artean, Jainkoa izendatzeko “Aita-ama” hasi da erabiltzen. Tradizio handirik ez badauka ere, badoa bere bidea egiten. Nik ere ildo horretatik jo arren, Bibliako tradizioan oinarrituta hain zuzen, aitatasuna baino Jainkoaren amatasuna lehenestea proposatzen dut.

Jainkoa ama ote da?

Itun Zaharreko testuek oso gutxitan dakarte Jainkoa ama edo aita dela, besteak beste, Jainkoarekiko inolako lotura biologikorik –Israelen inguruko kulturetan eta erlijioetan ohikoa zena– saihestearren.

Jainkoa ama edo aita bezala deskribatzeko sinboloak Itun Zaharreko testuek non eta nola jartzen dituzten aztertzen badugu, ziur aski, ezberdintasun batek emango digu atentzioa. Aitaren sinboloa, oro har, modu lakonikoan erabiltzen da, hots, labur eta distira handirik gabe; esaterako, “zu zara gure aita” (Is 63,16) era batean edo bestean errepikatzen da (Is 64,9; Jr 3,4; Mal 2,10…); gehienez, zaintzaile indartsua (2 Erg 2, 12), umezurtzen aita (Sal 68, 6) edo harkaitz salbatzailea dela zehazten da lantzean behin.

Ama sinboloaren erabilera, berriz, bere eskasian, joria, distiratsua, adierazkortasun-indar handikoa da, Isaiasen testuetan gehienbat. Jainkoa garrasika dago, intzirika eta aienez, emakumea erdiminetan bezala (Is 42, 14); bularra ematen du, altzoan hartu, bere magalean gozarazi (Is 66, 12); amak bere haurra kontsolatzen duen bezala kontsolatzen gaitu (Is 66, 13). Hortaz, Jainkoa ama ere bada.

Hala ere, hori guztia, esanguratsua izan arren, ez da nire proposamenaren arrazoi nagusia, beste testu hau baino: “Jauna! Jauna! Jainko bihozbera eta errukiorra, haserregaitza eta onginahiz eta leialtasunez betea!” (Ir 34, 6).

Batetik, testu hori oso inportantea da Biblian; bestetik, testuaren ñabardurak ez dira ondo ulertzen gure itzulpenetan, testuan agertzen diren adjektiboak ama izateari baitagozkio (gure itzulpenetan ñabardura esanguratsu hori ez da atzematen).

Kontu biak (testuaren inportantzia eta itzulpenaren arazoa) azaldu beharko ditugu justifikatzeko Jainkoa, aita bada ere, bereziki ama dela.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.