HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 4
Aldi hartan, Joan Bataiatzailearen ikasleak Jesusengana hurbildu eta esan zioten: «Zergatik guk eta fariseuek sarritan egiten dugu barau, eta zure ikasleek ez?». Jesusek erantzun zien: «Ezteietara deituak egon al daitezke triste senar berria berekin duten bitartean? Etorriko zaie senar berria kenduko dieten eguna; orduan, bai, egingo dute barau. Inork ez dio jantzi zaharrari oihal gordinezko adabakirik josten, jantzia behartu egingo bailuke adabakiak, eta zarratada handiagoa egingo. Ez da ardo berririk sartzen ere zahagi zaharretan; bestela, zahagiak lehertu egingo lirateke, eta ardoa isuri eta zahagiak hondatu. Ardo berria zahagi berrietan sartzen da, eta horrela biek irauten dute».
Mateo 9, 14-17.

Jesuren Ebanjelioa, Berri Ona, poztasuna eta betetasuna da: nahiz eta orain eta hemen oso‑osoa ez izan, izango denaren hasiera gisa, eta beraz, komunitatean ospatu behar da eta poztu. (“Ezteietara deituak egon al daitezke triste senar berria berekin duten bitartean?”) Ez da tristura, ezta enkratismo aszetikoa ere: ondo ulertuta bere zentzua eta garrantzia duen arren ez da batez ere baraua, ezta autokontrola guztiz zorrotza edota emozio guztien zapalketa. Jesuk ez du hori eskatzen/eskaintzen, opari handia baizik, Jainkoak gizateria osoari doan emanikoez elkarrrekin arduraz eta esker onez gozatzea.
Hain dira opari handi, miragarri eta gozagarri, ezen gizaki guztiok eduki behar baitute eskubide efektiboa horietaz guztiez gozatzeko, eta ez bakarrik gutxi batzuek. Mugatuak dira ordea, eta honek baliabideen eta produktuen banaketa justua egitea eskatzen du, horixe ahalbidetuko lukeen gizarte‑antolaketa egokiaren bidez, koinonian: hau bai berri ona, hau bai berritasuna, molde berriak eskatzen dituena. (“Ardo berria zahagi berrietan”). Legearen zorrotzkeria eta debeku-zerrenda baino, doan jasotako maitasunak damaizkigun poztasuna eta eskuzabaltasun konpartitua.
Zein “zahagi zahar”(egi) dut/dugu oraindik bizitzaren Berri ona minduz?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments