HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 3

Tomas, hamabietako bat, Bikia zeritzana, ez zegoen haiekin Jesus etorri zenean. Gainerako ikasleek esan zioten: «Jauna ikusi dugu». Tomasek erantzun zien: «Haren eskuetan iltze-zuloak ikusten ez baditut, neure atzamarra haren iltze-zuloetan eta neure eskua haren saihetsean sartzen ez baditut, ez dut sinetsiko». Handik zortzi egunera, etxean zeuden berriro ikasleak, eta Tomas ere haiekin zen. Sartu zen Jesus, ateak itxirik zeudela eta, erdian jarririk, esan zien: «Bakea zuei». Gero esan zion Tomasi: «Ekarri atzamarra, begira nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihetsean, eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik». Tomasek erantzun zion: «Ene Jauna eta ene Jainkoa!». Jesusek esan zion: «Ikusi nauzulako sinetsi al duzu? Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak».

Joan 20, 24-29.

‘Sinesteko lehenik ikusi’! Hara sinplekeriaren baldarra!

Joanen ebanjelioak pasarte honen bidez seguruenik erakutsi nahi duena zera da, piztutako Jesu bera dela gurutziltzatutakoa: zauritu eta hil zutena bera da bizirik-bizirik orain ageri zaiguna. Hori oso garrantzitsua da, Jon Sobrinok azpimarratuko lukeen eran, ez baitago piztuerarik Nazareteko Jesuren historia alde batera utzita; bere bizitza, hitz eta ekintzarik gabe, piztuaren aitormena huts bihurtuko litzateke. Piztuera ez da gizatasunetik ihes egitea, gizatasun hori Jainkoaren aintzan betetzea baizik.

Tomas ez da fede eskasa duen ikasle kaskarra; komunitatearen memoria kritikoa da. Gainerakoek “Jauna ikusi dugu” diote, baina hark zauriak nahi ditu ikusi, behar ditu ikusi, bere benetako izaeraz jabetzeko, gizakiok manipulaturiko sasi-mamuaz engaina ez dezaten, Trump-a egin ez diezaioten. Mezua ez da sineskeria alde batera utzi eta eszeptizismo modernoaren alde egin behar dugula; esan nahi du fedeak ezin dituela Nazareteko Jesuren gizatasuna eta bere eredua ezabatu. Sasoi hartako dozeta eta gnostikoek hori arriskuan jartzen zuten: Jesu benetako Jainko aitortzen zuten, baina ez benetako gizaki. Joanen mezuak, berriz, kontrakoa aldarrikatzen du: Nazareteko Jesu bera izan zen gurutzean zauritu eta hil zutena, berbera ere badelarik Pazkoan agertzen zaigun Jainkoaren Semea. Hori dela eta, “neure eskua haren saihetsean sartzen ez baditut ez dut sinetsiko” esaldia ez da egiaztatze fisiko-zientifikoaren beharra, baizik eta gurutzearen egia ukitu beharra.

Jesuk Tomas bere gurutze‑zauriak erakutsiz gonbidatzen du sinestera: pobreen, zaurituen eta biktimen aldeko Jesuk ez du itxura garbi, perfektu eta hierarkiko homologatua eskaintzen, baizik eta maitasunez emandako bizitzaren ederrarena, gorrotoz eta aiherraz lapurtu zioten biziaren itsusiarena bezain bat…

“Ene Jauna eta ene Jainkoa!”

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.