HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 2

Aldi hartan, Jesus txalupara igo, itsasoaz bestaldera igaro eta bere herrira etorri zen. Hortan, elbarri bat ekarri zioten, ohatilan etzana. Jesusek, lagun haien sinesmena ikusirik, esan zion elbarriari: «Izan bihotz, seme! Barkatuak dituzu bekatuak». Orduan, lege-maisu batzuek hau zioten beren baitan: «Biraoka ari duk hau». Baina Jesusek, haien burutapenei antzemanik, esan zien: «Zergatik dituzue burutapen gaizto horiek zeuen baitan? Zer da errazago, “barkatuak dituzu bekatuak” esatea ala “jaiki eta zabiltza” esatea? Orain ikusiko duzue, bada, Gizonaren Semeak baduela mundu honetan bekatuak barkatzeko ahalmena. Orduan, esan zion elbarriari: “Jaiki, hartu ohatila eta zoaz etxera!”» Hura jaiki eta etxera joan zen. Hau ikustean, izuturik gelditu zen jendea eta Jainkoa goresten zuten, gizakiei horrenbesteko ahalmena eman zielako.

Mateo 9, 1-8.

Pasarte honetan, Jesuk erakusten du zer den benetako sendatzea: ez soilik gorputza altxatzea, baizik eta gizarteak baztertu duen pertsona berriz ere pertsona oso bihurtzea. “Barkatuak dituzu bekatuak” esatean, ez du elbarriaren ‘errua’ azpimarratzen; alderantziz, bere garaiko logika gogorrari aurre egiten dio, zeinak gaixotasuna, pobrezia edo ezintasuna bekatuarekin lotu eta bazterketa eraginez zigortzen baitzituen.

Horren aurrean, Jesuk ez du birbiktimizatzen: ez dio esaten ‘zu zara zure zorigaitzaren errudun’, baizik eta “Izan bihotz, seme!”. Job-en liburuak ere apurtzen du zoritxarra = bekatua eskema, eta sufrimenduan dagoenari errukia eta egia zor zaizkiola gogorarazten du.

Are gehiago, Jesuk ezin hobeto ikusten du ohatilean gaixoa bere aurrera ekarri dutenen jarrera: haiek ez dute segregatzen, ez dute urruntzen, ez dute ‘kutsatze’ beldurrez ateak ixten. Aitzitik, hurbildu, eraman, eta Jesuren aurrera ekarri dute. Haien sinesmenak sendabidearen atea irekitzen du. Jesuk ez du haien mugimendua zapuzten; aitzitik, onartu eta bedeinkatu egiten du: beraien fedeak komunitatearen sendabidea eta birgizarteratzea bilatzen du.

Pasarteko lege-maisuak, ordea, antipodetan daude: barrutik epaitzen dute, beren baitan egiten dute gaitzespena, eta errukiaren misterioa birao lez hartzen dute. Haiek ez dute sendatzea ikusten, mehatxua baizik; ez dute bizia ikusten, arauaren urraketa baizik. Job-en lagun haien antzera, sufrimenduaren aurrean azalpen morala eskaintzen dute, baina ez dute bihotza zabaltzen. Jesuk, aldiz, “Gizonaren Semeak baduela mundu honetan bekatuak barkatzeko ahalmena” esatean, Jainkoaren bihotza agertzen du: ez da kondenatzeko boterea, baizik eta ‘altxa’arazteko ahalmena: “Jaiki,…”

Nola dabiltza nire barruko lege‑maisuak?

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.