HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 1

Aldi hartan, Jesus beste itsasertzera, gerasatarren lurraldera, iritsi zenean, bi deabrudun irten zitzaizkion bidera, hilobi artetik aterata. Hain baitziren gaiztoak, ez zen inor ausartzen bide hartatik ibiltzen. Deiadarka esan zioten: «Zer duzu gurekin, Jainkoaren Seme horrek? Garaia baino lehen guri oinaze ematera etorri al zara?». Handik urrutira gabe, txerri-talde handi bat zebilen uxarrean, eta deabruek eskatu zioten Jesusi: «Botatzekotan, bidal gaitzazu txerri-taldera». Jesusek esan zien:

«Zoazte!». Haiek atera eta txerrietan sartu ziren, eta txerri-talde osoa ezpondan behera itsasora amildu zen eta urean ito. Txerrizainek ihes egin zuten eta, hirira joanik, dena kontatu zuten, baita deabrudunei gertatua ere. Orduan, herri osoa atera zen Jesusengana eta, ikusi zutenean, beren lur-mugetatik alde egiteko eskatu zioten.

Mateo 8, 28-34.

Gerasatarren lurraldea: Xavier León-Dufour-ek bere ‘Itun Berriaren Hiztegia’ obran dioskunez, dirudienez, Gerasa hau ez zen herri judua, Judeako lurretatik kanpo zegoen, Dekapolis-en hain zuzen, egungo ‘Jeras’-ekin identifikatzen delarik (Jordania), hortaz hiri helenistiko eta erromatarra izango zen nagusiki, politeista, judu gutxi batzuk bertan bizi bazitezkeen arren. Hortik seguruenik “beren lur-mugetatik alde egiteko eskatu zioten.”

Bat-batean zail egiten zaigu asmatzea, pentsatzea gure mundu-ikuskerarako bitxi samarra  den pasarte honen bidez zer izan daitekeen komunikatu nahi digutena.

Deabrudunak (edo demoniodunak, ‘daimon’etik eratorria eta zentzu negatiboa emana), nortzuk ziren? Zeri esaten zitzaion? Zer ulertu behar ote dugu ‘deabru’dun irakurtzen dugunean? 

Zenbait kulturatan nolabait identifikatu egiten ziren gizateriari gertatu ohi zaion gaitz ororen indar eragile ezkutuekin, eta sarri gainera joera izaten zen indar horiek ‘jainkozko’ egiteko. Itun Zaharrean ere halakoen oihartzunik badago, baina indar demoniako horiekiko Jainkoaren nagusitasuna azpimarratzen da. Gaurkoan irakur dezakegunez, Itun Berrian ere topatzen ditugu horren aztarnak: gaitzak izendatzeko moduetan, ‘demonioak harturik’, ‘gaixotasunaren eragileak’… Jesuk demonioak harturikoak sendatu egiten ditu, gizaki baitatik demonioak erauzi eta bota egiten ditu, gaitzak jotako gizakia osatu egiten du…, izan ere, gaixotasuna, idolatria, amarrua, engainua, gezurra,  hybris-a… herioa, demonioaren (diabolo-aren, berdina izan ez arren) zerbitzariei egozten zaizkie.

“ Jesusek erantzun: Zuek ere ez al duzue oraindik ulertzen? Ez al duzue ikusten ahotik sartzen den guztia sabelera joaten dela eta handik komun-zulora? Ahotik ateratzen dena, berriz, bihotz barrutik dator, eta horrek bai egiten duela gizakia zikin! Izan ere, bihotzetik ateratzen dira asmo txarrak, hilketak, adulterioak, lizunkeria, lapurretak, gezurrezko testigantzak, irainak. Horiek dira gizakia kutsatzen dutenak; …” (Mt 15, 16-20a)

Demoniorik ez dela, zeinek dio ezetz, ondoegi ezagutzen ditut/ditugu, modu intimoan ezagutu ere, barru-barrutik, eta kanpo-kanpotik ere, exit/o-an batez ere, ez al ditugu ikusten, sumatzen egunero harrokeriaz ni/gu/zu inguratuz?

Baina Jesuk garaitu ditu eta nagusitasun osoa du haien gainean, utikan!

Bejondagigula, eta garbi-bidean lagun diezagula !

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.