HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Ekainak 27
Aldi hartan, Jesus Kafarnaum herrian sartu zelarik, erromatar ehuntari bat etorri zitzaion, arrenka esanez: «Jauna, elbarri eta oinazetan dago nire morroia etxean». Jesusek esan zion: «Joan eta sendatuko dut». Baina ehuntariak erantzun zion: «Jauna, ni ez naiz inor Zu nire etxean sartzeko; baina esazu hitz bat eta sendatuko da nire morroia. Nik ere, neu besteren mendean egon arren, soldaduak ditut neure mendean, eta bati joateko agintzen badiot, joan egiten da; beste bati etortzeko agindu, eta etorri; eta nire morroiari zerbait egiteko esan, eta hala egiten du». Hori entzunik, harritu egin zen Jesus eta ondoren zetozkionei esan zien: «Egia esan, Israelen ez dut inorengan aurkitu horrenbesteko sinesmenik. Eta hau diotsuet: Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, eta zeruetako erreinuko mahaian eseriko dira, Abraham, Isaak eta Jakobekin; erreinuaren oinordeko zirenak, berriz, kanpoko ilunpera botako dituzte; han izango da negarra eta hortz-karraska!». Ondoren, ehuntariari esan zion: «Zoaz, eta gerta bekizu sinetsi duzun bezala». Eta ordu hartan berean, sendatua gertatu zen morroia. Gero, Pedroren etxera joan zen Jesus, eta haren amaginarreba oheratua aurkitu zuen sukarraz. Hartu zuen Jesusek eskutik eta sukarrak alde egin zion; orduan, emakumea jaiki eta zerbitzatzen hasi zitzaien. Arratsean deabrudun asko eraman zioten Jesusi, eta honek deabruak bere hitzez bota eta gaixo guztiak sendatu zituen. Horrela bete zen Jainkoak Isaias profetaren bidez esana: «Hark bere gain hartu zituen gure ahuleriak, eta gure gaitzak eraman».
Mateo 8, 5-17.

Nork esango, ehuntari bat morroi batengatik kezkatuta; sozialki hain urruti bata bestetik, baina maitasunean hain elkarturik. Jesusek hau ikustean bertara joateko asmoa azaldu du, baina ehuntariak ulertzen du hori ez dela beharrezkoa.
Maitasunak gure sinesmena mugitzen du, ez mugitu bakarrik, sinesmenari sakoneko zentzu bat ematen dio. Noiz ikusiko Jainkoak horrelako sinesmenik! Edota noiz ikusiko horrelako maitasunik!
Gure ingurua aldatu nahi badugu, ikusten dugunari zentzua eman nahi badiogu, presente egin behar dugu guk ere gure bizitzetan gure sinesmena, gogoeta eginez: nolakoa da nire sinesmena? Besteak hurbiltzen dituen sinesmena da edota urruntzen dituena? Maitasunez betea dago edota legea da nagusi?
“Zoaz eta gerta bekizu sinetsi duzun bezala” dio Jesusek;
Ehuntariaren morroia, Pedroren amaginarreba, deabruak bota, gaixoak sendatu… Gure ahuleziak hartzen ditu gu Jainkoarengan indartu gaitezen, gure loturetatik askatuak sentitu gaitezen.
Eta guzti hau zertarako? Pedroren amaginarrebak erakusten digu: “emakumea jaiki eta zerbitzatzen hasi zitzaien”. Gu ere, askatuak sentiturik, maitasunak bultzaturik jaiki eta izan gaitezen osasun bide, ehuntariaren antzera, zerbitzari bihurtuz.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments