Magnifica Humanitas izenburuko enziklika dugu Leon XIV.a Aita Santuak argitara emandako lehenengoa. Orain egun batzuk, maiatzaren 25ean plazaratuta, aurrez aurre dugun jauzi teknologikoaren harira, gure garaia astintzen ari diren gai nagusiez hausnartzen du: giza duintasunean adimen artifizialak izan ditzakeen ondorioez, lanari buruz, justizia sozialaz, egiaz eta bakeaz. Rerum Novarum enziklika historikoa iradokigai, garapen teknologikoak betiere pertsonaren eta guztion onaren mesedetan jardun behar dutela aldezten du Leon XIV.ak, eta irmo kritikatzen du interes ekonomikoen, militarren eta boterea handitze alderako nahien mesedetan jardutea.
Babelgo Dorrea ala “Jerusalem Berria”?
Aita Santuak bi irudi bibliko baliatzen ditu egungo egunean aurrez aurre ditugun bi hautuak mahaigaineratzeko: Babel ala Jerusalem? Babelgo dorreak harrotasuna, uniformetasun teknologikoa eta Jainkoaz guztiz ahaztuta egotea irudikatzen ditu, non gizakia eta bere duintasun osoa datu eta errendimendu hutsetara makurrarazten diren. “Jerusalemgo harresien berreraikuntzak” (Nehemiasen liburuan bezala), ordea, ardura partekatua, elkartasuna eta giza duintasuna babestea dakar berekin:
“Teknologia ez da neutrala, eta berau erabiltzen, finantzatzen eta kontrolatzen duenaren begitartea hartzen du. Horregatik hain justu, kontua ez da baiezkorik ala ezezkorik emango ote diogun teknologiari, baizik eta berorrekin Babel eraikiko ote dugun, ala, ordea, Jerusalem berria berreraikiko ote dugun, zera hautatzea, Zerua eta guzti menderatu nahi duen boterearen alde egitea ala elkarrekin bat eginik lan egitera prest dagoen herri baten alde egitea. Hortaz, bazter utz dezagun “Babel sindromea”: ahulak sakrifikatzeko prest dagoen lukroaren idolatria, giza aniztasunak oro kolore bakarreko bilakarazi nahi dituen boterea, dena lengoaia bakarrera makurrarazi nahi izatea, giza misterioa datu eta etekinetara murriztu nahi izatea..” (Magnifica Humanitas, 8.or.)
Paradigma teknokratikoaren arriskua
Paradigma teknokratikoa gaitzesten du sutsu idazkiak, hots, eraginkortasuna, kontrola eta etekina giza balioen gainetik jartzen dituen pentsamoldea. Hein horretan, jada abian dagoen joera hau, muturrera eginez gero, okerrenean, transhumanismoa eta posthumanismotzat jo litekeen horretara lerra liteke. Honelako ideologiak teknologiaren bidez gizakiari gailendu dakizkiokeela, bere izaera azkenik “hobetu” ahal izango duela uste eta sinetsiak daude. Horrez gain, ahulenak baztertzeari egoki iritzi eta giza mugak oro (gaixotasuna, zahartzaroa…) akats moduan ikusi ohi ditu.
“Ezin dugu ahaztu energia nuklearrak, bioteknologiak, informatikak… ezagutza dutenei eta hura ustiatzeko botere ekonomikoa dutenei gizateria osoaren gaineko nagusitasun ikaragarria ematen dietela.” (Magnifica Humanitas, 6.or.)
Egia, lana eta justizia digitala
Mundu digitala aurrez aurreko errealitatea baino are errealago ere bilakatzen ari denez, egia zinez denona den ondasuntzat hartu behar dela dio behin eta berriz Leon XIV.ak. Desinformazioak eta algoritmoen bidezko manipulazioak demokrazia eta beren oinarria ahulduz eta deseginez joaten dira, esango digu Aita Santuak. Hori horrela, “komunikazioaren ekologia” deritzon horren beharra defendatuko du:
“Gertakariei buruzko egia partekatua bilatu behar da, berau denon onaren ezinbesteko oinarria den aldetik. Horrela baino ezin izango da justiziarako komunikazio bidezkoa lortu. Ahalmen handiko baliabide tekniko eta ekonomikoen jabeek aldaketa kultural handiak eragiteko gaitasun itzela dute…” (Magnifica Humanitas, 49.or.)
Lanari dagokionez, AAk langilearen laguntzaile izan beharko luke, eta ez haren ordezko edo esplotatzaile. Lanak, ogibide izanez gain, pertsonaren garapenerako bidea izan beharko luke betiere:
“Lana ez da baliabide huts; gure bizitzaren duintasunaren mesedetan jardun behar du. Giza izaeraren berezkoa da, eta bere garapenean ezinbestekoa da, giza errealizaziorako ezinbestekoa izanik. Hein horretan, txiroentzako diru laguntzak behar-beharrezkoak dira, baina hau ezin da azken buruko erantzuna izan, ezen, norbanakoak bere lanaren bidez duintasunez bizitzeko baldintzak izan behar ditu” (Magnifica Humanitas, 6. zenbakia)
Hein horretan, AAk ez luke prekarietate berria sortzeko tresna izan beharko. Justizia sozialak erronka berri bat du hortaz, berri zaion digitalizazioaren mundura ailegatu behar du lehen baino lehen: datuak, algoritmoak eta plataformak ezin dira gutxi batzuen monopolio izan, gizateriaren ondasun unibertsala baitira:
“Subjektu oso gutxiren eskuetan datuak, kapital informatikoa eta arautzeko gaitasuna kontzentratuak dauden honetan, denon ongiak zera du eskakizun; asimetria epistemiko, politiko eta ekonomiko hau guztia argi salatzea eta berau monopolio arrisku berri gisa errotik gaitzestea. Baliabide hauek guztiek helburu unibertsal bat izan behar dute eta, horregatik hain justu, beroietarako helmena unibertsala egon behar da. Zaindu behar dira komunitateak, duten erabakitzeko eskubidea bermatuaz, eta beroien kaltetan doan guztia aurrez zuzenaraziaz, eta ez kalteak behin sortuta” (Magnifica Humanitas, 109. zenbakia)
Gerraren automatizazioa eta bakearen artisautza
Testuak kezka berezia agertzen du AAren erabilera militarraren aurrean, batik bat, makinek beren kaxa erabaki letalak hartzen dituzten honetan:
“Horregatik, esparru belikoan AA garapenak eta erabilerak mugapen etiko ezin zorrotzagoak izan behar dituzte, betiere giza duintasuna eta bizitzaren sakraltasuna helburu direlarik. Baten batzuetan, “agente moral artifizialei” buruz hitz egin ohi da, nonbait, makina batek koherentzia handiagoz ongia eta gaizkiaren artean hobeto ebazteko gauza bailitzan” (Magnifica Humanitas, 198. zenbakia)
Erantzukizun moralak beti giza eskuetan egon behar duela azpimarratzen du testuak. Bakea eraikitze aldera, indarraren kulturaren ordez “maitasunaren zibilizazioa” aldezten du testuak:
“Bestelako bide bat behar da, sistema ideologiko ezberdinen arteko aurkakotasunaren alternatiba izango dena, justizia eta karitateak elkarri eskua emango diotenekoa, eta bizitza ekonomiko, politiko eta soziala antolatzeko printzipio maitasuna izango duena” (Magnifica Humanitas, 186. zenbakia)
Teknologiaren ahalmen ezin handiagoko mundu berri honetan gizatasunari eusteko adorea izatera deitzen du indar handiz entziklikak, “arkitekto jakintsu” deituko duen hori izatera adoretzen gaitu. Teknologiaren aurrerapena eta giza bihotzaren sakontasuna uztartuko dituen gizarte bat eraiki beharraz hitz egiten du. Gure mugak onartzea ez da ahultasuna, esango digu, baizik eta elkartasunerako eta Jainkoaren graziarako bidea:
“Teknika haz dadila bihotzak atzera egin gabe!”
0 Comments