HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Ekainak 20
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ezin da inor bi nagusiren morroi izan; izan ere, bata gorroto izango du eta bestea maiteko, edota bati leial izango zaio eta bestea ez du aintzat hartuko. Ezin zarete Jainkoaren eta diruaren morroi izan. Horregatik diotsuet: Ez kezkatu bizitzeko zer jango edota gorputza zerez jantziko. Ez ote da bizia janaria baino gehiago, eta gorputza jantzia baino gehiago? Begira zeruko hegaztiei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen, ez mandioan pilatzen; hala ere, zeruko zuen Aitak janaritzen ditu. Ez al duzue zuek haiek baino askoz gehiago balio? Asko kezkatuta ere, zuetako nork luza lezake apurtxo bat bizitza? Eta jantziaz, zergatik kezkatu? Begira nola hazten diren loreak zelaietan: ez dira lanean nekatzen, ez dute iruten; baina, egia esan, Salomon bera ere, bere ospe guztian, ez zen janzten horietako bat bezain apain. Beraz, gaur belardian dagoen eta bihar suan erreko den belarra Jainkoak horrela janzten badu, zenbatez gehiago zuek, sinesmen txikikook? Ez kezkatu, bada, zer jango, zer edango, zer jantziko duzuen pentsatuz. Jentilak arduratu ohi dira horiez guztiez. Zeruko zuen Aitak badaki horien guztien beharra duzuela. Bilatu lehenbizi Jainkoaren erreinua eta beronen zuzentasuna, eta gainerako guztia gehigarri emango dizue Jainkoak. Ez kezkatu, bada, biharko egunaz, biharko egunak ere ekarriko baitu bere kezka. Aski ditu egun bakoitzak bere buruhausteak».
Mateo 6, 24-34.

Jainkoak guri digun maitasunaren gorazarre da pasarte hau. Zein ederra den irakurtzea Jainkoaren kreazioaren edertasuna eta perfekzioa, eta haren gainetik, gu gaudela jakitea. Jainkoaren lehentasun gu gara. Eta hortik datorkigu gonbidapena gure indarra eta ardatza Jainkoarengan jartzeko.
Ezin dira bi nagusi zerbitzatu. Hala da, bataz maitemintzen zarenean eta bizitzaren zentzua Harengan aurkitzen duzunean, ez dago zalantzarik. Bihotzak eskatzen duena da. Eta dei hau are gehiago sentitzen da jakitean gure Jaunaren desioa ez dela berak guri emandako maitasun amaigabea itzultzea, baizik eta bere gonbita Erreinua erakitzera dela, maitasuna zabaltzera, anai-arrebak duintasunez tratatu eta zaintzera, gure Ama Lurra errespetatu eta gordetzera, zuzenak eta koherenteak izatera geure buruarekin.
Eska dezaiogun, bada, adorea eta indarra ez jartzeko gure desioak Berarengandik urrutiratuko gaituzten beste jainkoengan. Ez gaitzaten kateatu eta morroi bihurtu benetazko zoriontasuna ematen ez duten loturek.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments