HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Ekainak 18
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Otoitz egitean, ez jardun esan eta esan, jentilak bezala, uste baitute beren hitz-jarioari esker entzungo diela Jainkoak. Ez izan haien antzeko, badaki-eta zuen Aitak zer behar duzuen, zuek eske hasi baino lehen. Beraz, zuek honela egingo duzue otoitz: “Gure Aita, zeruetan zarena: santu izan bedi zure izena, etor bedi zure erreinua, egin bedi zure nahia, zeruan bezala lurrean ere. Emaguzu gaur egun honetako ogia; barkatu gure zorrak, geuk ere geure zordunei barkatzen diegunez gero, ez gaitzazu utzi tentaldian erortzen, baina atera gaitzazu gaitzetik”. Izan ere, zuek besteei beren hutsegiteak barkatzen badizkiezue, zuei ere barkatuko dizue zeruko zeuen Aitak; baina besteei barkatzen ez badiezue, zuei ere ez dizkizue barkatuko Aitak zeuen hutsegiteak».
Mateo 6, 7-15.

Otoitz hau egunerokoa izateagatik ere, ez da inoiz agortzen… Beti dauka mezu eta oihartzun berezia gure bizitzetan. Hain era osatuan jasotzen du nolakoa nahi duen Jainkoak gure bizitza izatea eta nolakoa gure harremana bai Berarekin, bai gure ingurukoekin!
Zintzotasuna eskatzen digu Jesusek Aitarekin dugun elkarrizketan, Bera eta gutako bakoitzaren artean. Ez dago beste inor harreman horretaz konturatu edo sartu behar denik, zuzena izan behar da. Honekin batera, Jainkoaren nahia betetzeko azpimarrak argi uzten digu horra begiratu behar dugula zoriontasuna, anai-arreben arteko kidetasuna eta maitasuna lortzeko.
Justiziaren alde lan egiteko gonbidapena dugu ere hemen: denok ogia izan ahal izateko, ez gaitezen gure tentaldietan erori eta bana dezagun behar bezala duguna, denok duintasuna lortzeko.
Eta azkenik, barkamenean ere indar handia jartzen du Jesusek amaieran: Jainkoak ulertzen gaitu, errukiz begiratzen gaitu eta beti barkatzen ditu gure huts egiteak. Guk ere beste horrenbeste egin dezagun guztiokin.
Zertan sentitzen naiz ni gaur deitua bereziki?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments