HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Ekainak 16
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Entzuna duzue antzinakoei agindua: “Maita ezazu zeure lagun hurkoa eta gorrota zeure etsaia”. Nik, ordea, hau diotsuet: Maita itzazue zeuen etsaiak eta egin otoitz eraso egiten dizuetenen alde, zeruetan dagoen zeuen Aitaren seme-alaba izan zaitezten, hark gaiztoentzat eta zintzoentzat ateratzen baitu eguzkia eta zuzenentzat eta zuzengabeentzat egiten euria. Izan ere, maite zaituztenak bakarrik maite badituzue, zer sari zor zaizue? Zergalariek ere ez al dute beste horrenbeste egiten? Eta zeuen senideak bakarrik agurtzen badituzue, zer egiten duzue berezirik? Jentilek ere ez al dute beste horrenbeste egiten? Izan zaitezte, beraz, guztiz onak, zeruko zuen Aita guztiz ona den bezala».
Mateo 5, 43-48.

Gure emozio eta sentimenduen gainetik egotea zaila da, bai. Horretan ageri da garbi gizakiak garela. Zeruko Aita-ama, ordea, gai da bere maitasuna etengabe gu guztiongan isurtzeko, alde batekoak ala bestekoak izan, errudun edo errugabe, zuzenagoak ala traketsagoak…
Jainkoak digun amaiezinezko maitasunak ez dio uzten besterik egiten: ulertu, entzun, errukiz begiratu eta maitatu. Zein proposamen egokia gure eguneroko bizitzako egoeretarako: familia arteko liskarrak, lankideen arteko istiluak, lagunen arteko harreman korapilatuak…
Baita herrigintzan dabiltzan, edo hobeto esanda, gabiltzan guztiontzat (denok baikara gizartearen zati) ere gomendio ederra: utz ditzagun alde batera aitzaki hartuta besteekiko ditugun desberdintasunak elkarri mina emateko eta amets egin dezagun elkarrekin gu denok batzen gaituenari begira.
Hona hemen bada, gaurko gonbidapena: pertsona guztienganako ulerkortasunez, entzuteko gogoz, agurra emanez eta xamurtasunez bizi gaitezen. Desafio handia baina pixkanaka pauso txikiak emanez lortu dezakeguna. Ausartuko al gara?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments