Nola izendatu izendaezina? (5) Korapiloa askatuz

2026 Eka 15

Antza denez, mendebaldeko modernitateak bizi du gure kontzientzia, zeinak, Izendaezina izendatzeko, ezin duen onartu “Jauna”. Aldi berean, izen hori judu eta kristau tradizioan guztiz errotuta dago, mendez mende, modu etengabean; tradizioaren irazkia den edo ez, hitz-aspertu baten mintzagai izan liteke.  

Ataka berbera ez bada, antzeko ataka batean, hasierako kristau komunitateek egin zutenari so egitea iradokitzailea izan dakiguke.

Alde batetik, hasierako kristau komunitateek, judaismoaren barnean kokaturik, judaismoaren hiztegi berbera partekatzen zuten. Beste alde batetik, bazuten Kristok zekarren (dakarren) berritasunaren kontzientzia eta konturatu ziren berritasun hori judu tradizioaz harago zihoala. Kontraesana are argiago suertatu zitzaien judaismoaren kanpotik ailegatu zirenei (kultura berrikoei).

Hortaz, ezin zuten tradizioa ezabatu eta ezin zioten tradizioari, bere horretan, jarraitu. Nola askatu zuten korapiloa? Bi pauso eman zituzten. Lehenik eta behin, kontzientzia berria adierazten zuten esapideak, otoitzak eta salmoak asmatu zituzten, baina tradiziotik zetozenak mantendu, hari biak aldi berean, nahiz eta beren literaltasunean kontraesankorrak izan. Bigarrenik, ispilu-joko edo irudi-joko iradokitzaile baten bitartez, irazki zaharrean bilbe berria pasatzean, narrazio (teologiko) zoragarria bilbatu zuten: Judu tradizioa (Itun Zaharra) Jesu Kristoren anuntzio bihurtu zuten. Ildo horretatik, narrazio teologikoan, Juan Bataiatzaileak seinalatu zuen Jesus Jainkoaren bildotsa dela; gertakizun historikoaren katebegian, ordea, kristau komunitatea izan zen Joan Bataiatzaileaz lekukotasuna eman zuena.  

Azalpen hori korapilatsua iruditu bazaizu, ez kezkatu, ez bueltatu aurreko lerroetara; azalpen hori eskasa da eta ñabardura gehiagoren beharra du. Ez dago arazorik, zeren eta azalpenaren muina aitzakia bat baino ez da: hasierako kristau komunitateek otoitz berriak eta Jainkoa izendatzeko izen berriak asmatu bazituzten, gaurko kristau belaunaldiek jarduera berbera egin dezakete testuinguru kultural berrian eta, tradizioaren baimenaz, ispilu-jokoari jarraitu.

Azken batean, argudioak aitzakia ematen dit nire proposamena egiteko, hots, gure ingurumaria kulturalean, Izendaezina izendatzeko nire proposamena. Proposamenaren garrantzia, berriz, ez datza bere arrakastan, proposamen berriak egitearen jardueran baizik.  

Dena den, proposamen hori jakin nahi baduzu, hurrengo idazkiari itxaron beharko diozu.

Oihartzunak (2 oihartzun daude)
L

2 Comments

  1. Oso interesgarria, Luzio. Eskerrik asko. Irrikitan uzten gaituzu berriz ere.
    Bestalde, argumentua izenaren kontutik haratago ere eraman dezakegu: kristautasunak tradizio judua errespetatu arren eraberritu izanak guk geuk ere beste horrenbeste egitera bultzatzen bagaitu, hainbat alorretan egin dezakegu hori. Eta, horrenbestez, Jesusen errebelazioaren izaera “behin betikoa” ere, zentzurik zurrunenean behintzat, auzitan jartzen dugu. Beldurrik gabe.

  2. Eskerrak zuri Xabier!
    “Behin betikotasun” hori oso interesgarria da. Jesusen errebelazioa “behin betikoa” da, baina hori ez da formula matematikoaren eta lege zientifikoaren antzekoa. Mundu sinbolikoan txertatuta gaude nahitaez. Batetik, sinboloak agortezinak dira, hots, une bakoitzean sinboloaren ertz edo alde bat baino ez dugu atzematen; ezin daiteke sinboloa ertz horretara murriztu. Bestetik, sinboloa erreferentziala da beti; hots, “errealitate”a ez da sinboloa, baizik eta sinboloak adierazten duena, zeina, gure kasu honetan, soilik sinbolikoki irudikatu dezakegu. Neurri batean, sorgin-gurpil batean kateatuta gaude.
    Luzio

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.