HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Ekainak 10
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ez uste izan Moisesen legea edota profeten esanak baztertzera etorria naizenik; ez naiz baztertzera etorri, beren betera eramatera baizik. Benetan diotsuet: Zeru-lurrek iraungo duten bitartean, legearen letrarik edo zeinurik txikienak ere ez du baliorik galduko, dena bete arte. Beraz, agindurik txikienetako bat hausten duena eta hausten irakasten, txikiena izango da zeruetako erreinuan; betetzen duena, berriz, eta betetzen irakasten, handia izango da zeruetako erreinuan».
Mateo 5, 17-19.

Betetzera etorria
Israelentzat Moisesen legea ez zen arau sorta soil bat. Jainkoaren eta bere herriaren arteko harremana zen, maitasun-hitzarmena, bizitzeko modu bat. Legearen letra bakoitzean Jainkoak bere burua ematen zuen.
Jesusek ez du harreman hori hautsi. Alderantziz, bete egiten du. Belaunaldiz belaunaldi Israelek Jainkoarengana bidea egin zuen lege eta profeten bidez, eta Jesus da bide horren helmuga, ez bertan behera uztera datorrena.
Gaur egun, uste dugu aurrerakuntza dela iraganarekin apurtzea, dena berritzea. Baina sustraiak ahazten ditugunean, galdu egiten gara. Jesusek ez digu iraganaren karga astuna eskaintzen, iturriaren ur bizia baizik. Fedeak ere badu historia bat, erro sakonak, belaunaldien jakinduria. Gureak ez dira hitz zaharrak. Bizirik dagoen harreman baten oihartzunak dira, gaur ere entzuteko modukoak.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments