Euskal gizabideari buruzko memoria-ariketa

2026 Eka 8

IZENBURUA: Euskal gizabidearen emarian
EGILEAK: Jon Mentxakatorre eta Andoni Eizagirre
ARGITARATZAILEAK: Udako Euskal Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitatea
URTEA: 2025

Jon Mentxakatorrek eta Andoni Eizagirrek beren azkenaldiko zenbait idatzi bilduz osatu duten liburu honek zerpentsatu handia ematen du. Antropologia, filosofia eta soziologia ikuspegietatik, bizi dugun garaiari herri gisa erantzuteko gakoak aurkituko ditu bertan irakurleak.

Honakoa da egileek abiapuntu gisa eskaintzen diguten kontakizuna: 1876tik 1936ra arteko Euskal Pizkundean, Gasteizko seminarioaren inguruan, modernitateari neurria hartzeko gizabide edo humanismo eredu bat osatu zuten Joxe Migel Barandiaranek eta beste hainbatek, euskal tradizioaren iturrietan arakatuz. Hamarkada batzuk geroago, lanketa emankor horren ondorio bikainenetako bat haien ikasle Jose Mari Arizmendiarrietaren pentsamendua eta kooperatiba-mugimendua izan ziren: lanaren bitartez hurkoarekin harremantzen den pertsona burujabearen euskal eredua. Tradizio berritu horren hirugarren katebegia Joxe Azurmendiren pentsamendua litzateke: euskal kultura eta komunitatea suspertzeko euskal barne-mundua sendotu beharra ulertu zuen pentsalaria.

Baina XX. mendean zehar berreraikitako euskal sen horren uzta izen zehatz batzuetatik haratago doa: Euskal Herriaren erakundetzea eta gizarte, kultura nahiz ekonomiaren garapena bultzada sakon horren ondorio dira, baita ere. Egungo egoeraren diagnostikoa, ordea, oso kritikoa da: azkenaldian legatu hori «inertziaz» dabilela dirudi, «hura birsortzeari eta bizitasun moralari kontu handirik egin gabe», Eizagirreren hitzetan. Egileen proposamena da, XXI. mendearen lehen laurdena bete dugun honetan —XIX. mende amaierako industrializazioaren pareko aldaketa-garaian—, antzeko ariketa egin beharra dagoela honaino ekarri gaituen memoria berreskuratu eta transmititzeko.

Euskal gizabide emankor horren muina erlijiosoa izan da, Barandiaranen «ez gara gure baitakoak» adierazpenak erakusten duen bezala. Azken batean, euskal tradizioaren eta pertsonalismo kristauaren uztarketa baita. Gure gizartean gertaturiko sekularizazioak krisian utzi du sinismen hori, baina egileen tesiaren arabera, krisian dagoena sinismen erlijiosoa baino askoz gehiago da: «balioak, eskubideak, zorrak, betebeharrak, erantzukizunak, begiruneak, itxaropenak, ohorea, hitzematea, etxea eta komunitatearekiko ardura»… «Euskaldun izateko modu» hori dago krisian, Mentxakatorreren hitzetan. Memoria eten horren jakitun izan gabe, gainera, ezin diogu berreraikuntzari ekin; horretarako deia eta argibideak dira liburuak dakartzanak.

Memoria-ariketa batetik abiatuta, programa humanista oso baten asmoa dute liburuko pasarte batzuek, bizi dugun krisi-garaia diagnostikatu eta horri aurre egiteko gakoak eskainiz. Ez digu, gainera, desafioaren berritasunak edo tamainak aitzakia gisa balio. Egileek gogorarazten digute iraganean ere aldaketa eta krisi latzei erantzun diela Euskal Herriak, eta erantzun horien oinarriak ezagutu eta lantzea dela gure ardura.

Gizartean zabaltzen ari diren azalkeriari, kontsumismoari, konformismoari eta demokraziaren krisiari erantzun posible bat iradokitzen digute. Liburuak goi-mailako hausnarketa dakar. Gaizki-ulertuen arriskua ere badakar, irakurketa partzial baten ondorioz euskal esentzialismo kutsua har dakiokeelako edo kontserbadurismoa egotzi. Oker geundeke: euskal gizabidea berrikuntza-programa bat da, «aurrerakoia», beraz, eta balio unibertsalekoa, munduari irekia, humanismo kristauaren tradizioan kokatua baitago. Argi dut hori; hala ere, nolabaiteko sentipen deserosoa ere eragiten dit batzuetan irakurketak. Zalantza dut gaurko mundu globalizatuan mundu mailan partekatzen ditugun ezinegonei eman beharreko erantzuna hainbesteraino izan behar ote den gure baratze propioan landua. Ez dut ukatzen memoria horren lanketaren balioa, baina munduari eman beharreko erantzun humanistak gaur egun ez du —esango nuke, iraganean bezainbeste behintzat— «euskal» edo bestelako abizen-beharrik. Zuhurtzia gisa diot, ziurrenik egileek ere partekatzen duten sentsibilitate batetik adierazia.

Zortea dugu horrelako liburuekin!

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.