HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Ekainak 1
Aldi hartan, Jesus parabola bidez hitz egiten hasi zitzaien apaizburuei, lege-maisuei eta herriko zaharrei: «Gizon batek mahastia landatu zuen eta hesiz inguratu, bertan dolarea egin eta dorrea eraiki zuen. Gero, nekazari batzuei errentan utzirik, urrutira joan zen. Bere garaian, morroi bat bidali zien nekazariei, mahastiko fruitutik zegokion partea jasotzera; baina haiek morroiari heldu, jo eta esku hutsik bidali zuten. Berriro beste morroi bat bidali zien; hau ere buruan jo eta irainez bete zuten. Beste bat ere bidali zien geroago, eta hil egin zuten. Ondoren, beste asko bidali zizkien, eta batzuk jo eta besteak hil egin zituzten. Bazuen oraindik beste norbait, bere seme maitea, eta huraxe bidali zien azkenik, bere baitarako esanez: “Izango diote begirune nire semeari”. Nekazariek, ordea, esan zioten elkarri: “Oinordekoa duk! Hil dezagun eta mahastiaren jabe izango gaituk”. Hartu, hil eta mahastitik kanpora bota zuten. Zer egingo ote du mahasti-jabeak? Joan eta garbitu egingo ditu nekazari horiek, eta mahastia beste batzuen esku utziko. Ez al duzue Liburu Santuetako hura irakurri: “Etxegileek baztertutako harria giltzarri gertatu da. Jaunak egin du hori,gure begien harrigarri”?». Apaizburu eta herriko zaharrak Jesus atxilotu nahian zebiltzan, ongi jabetu baitziren beraiengatik esan zuela parabola hura. Baina jendearen beldurrez, utzi eta alde egin zuten.
Markos 12, 1-12.

Laborari gaiztoen parabola hau bai luze eta zedarritua da. Ekintzaz ekintza aurrera doan kontakizun honetan laster nabari da indarkeriaz hartutako erabakiak kate hilgarria sortzen doazela. Kaltez kalteko garapen horretan Jesus dirudien bat ere desegiten dute.
Gaizkia zein Ongia ez dira soilik ekintza isolatuak, noizbehinkakoak. Batzuetan sakoneko jarreretan dute abiapuntua edo sormen iturria; barnean sortu eta irtendakoak. Beste batzuk kanpoan aurkitutakoari erantzuten diote, bat-batean ala prestatuta.
Gaizkia gauzatua eta ageriko denean, Ongiaren beharra sentitzen da. Eta Ongiaren aurrean Gaizkia ere badela senti daiteke, ispiluan bezala. Eta ekintza gaizto trinkoak ala maiz gertatuak hunkitu egiten dute.
Ratzingerrej Auschwitzera joatean galdera atsekabetu hau bota zuen: «Zergatik, Jauna, utzi duzu hau gertatzen?» Jesusek berak hil aurretik zera oihukatu zuen gurutzean: «Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?»
Parabolan judutar apaizburu eta herriko zaharrei esandakoa, guretzat ere bada. Zertarako? Zertan eta nortzuei kalte egiten diezaiekegun konturatu ondoren ekintza txarrak utz ditzagun.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments