HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Maiatzak 28
Jesus ikasleekin Getsemani zeritzan landa batera iritsi zen, eta esan zien: «Zaudete hemen, Ni hara otoitz egitera noan bitartean». Pedro eta Zebedeoren bi semeak eraman zituen berekin. Tristura eta larria sentitzen hasi zen, eta esan zien: «Hiltzeko zorian nago tristuraz; gelditu hemen eta zaudete erne Nirekin batean». Eta aurreraxeago joanik, ahuspez erori zen eta otoitz egin zuen, esanez: «Ene Aita, ahal bada, urrun ezazu Nigandik edari mingots hau. Baina ez bedi egin Nik nahi bezala, Zuk nahi bezala baizik». Joan zen ikasleengana eta lo aurkitu zituen. Pedrori esan zion: «Beraz, ordubete ere ezin izan zarete Nirekin erne egon? Zaudete erne eta egin otoitz, tentaldian eror ez zaitezten: gogoz kartsu izan arren, ahula baita gizakia». Bigarren aldiz aldendu eta otoitz egin zuen, esanez: Aita, edari mingots hau nahitaez edan behar badut, egin bedi zure nahia».
Mateo 26, 36-42.

Gure heziketagatik edo, tentazioa gauza txarrak egiteko bultzada dela pentsatu ohi dugu. Tentazioa moralarekin lotzen dugu normalean, baina morala ez da gure bidea seinalatu behar duen araua, Jainkoaren proiektuan parte hartzearen ondorioa baizik. San Paulok esango digunez, dena zaigu zilegi baina dena ez zaigu onuragarria. Tentazio nagusia, orduan, Jainkoaren proiektuan parte hartzeari uztea dugu, gaurko testuan ikus genezakeenez.
Jainkoak guretzat duen proiektuan parte hartzeak ondorio txarrak ekar ditzake. Jesusi heriotza ekarri zion eta gaur ere kristau asko hil dira Jainkoaren nahia egiteagatik. Baina horretaraino heldu gabe, nork ez du inoiz pentsatu, zailtasunak heltzean, “Nahikoa da. Behar baino gehiago egin dut jadanik. Ezin zait gehiago eskatu”. Horixe dugu guk tentazio nagusi. Eta haren aurrean, zer egin?
Bada, Jesusen arabera… otoitza. Jainkoaren aurrean jarri, haren nahia zer den ikusten saiatu eta bete ahal izateko indarra eskatzea dugu Jesusek proposatzen digun–eta berak hartu zuen–- bidea.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments