HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Maiatzak 27
Aldi hartan, Jerusalemera bidean gora zihoazen ikasleak, eta Jesus aurretik. Ikasleak txunditurik zeuden, eta jarraitzen ziotenak beldurrez zihoazen. Jesusek Hamabiak berriro beregana bildu, eta zer gertatuko zitzaion adierazten hasi zitzaien: «Begira, Jerusalemera igotzen ari gara, eta Gizonaren Semea apaizburuen eta lege-maisuen esku utziko dute; heriotzara kondenatuko dute eta atzerritarren esku utziko; hauek iseka egingo diote eta listua botako, zigorkatu eta hilegingo dute; baina handik hiru egunera piztuko da». Santiagok eta Joanek, Zebedeoren semeek, Jesusengana hurbildu eta esan zioten: «Maisu, eskatuko dizuguna Zuk guri egitea nahi genuke». Jesusek galdetu zien: «Zer nahiduzue, bada, Nik zuei egitea?». Eta haiek: «Eser gaitezela bata zure eskuinean eta bestea ezkerrean, Zu zeure aintzara iristean». Jesusek esan zien: «Ez dakizue zer eskatzen ari zareten. Gauza al zarete Nik edan behar dudan kaliza mingotsa edateko, edo Nik murgildu behar dudan uretan murgiltzeko?». «Bai, gauza gara!», erantzun zioten. Jesusek, orduan: «Nik edan behar dudan kaliza mingotsa, bai, edango duzue, baita Nik murgildu behar dudan uretan murgilduko ere; baina nire eskuin-ezkerretan esertze hori ez dago nire esku inori ematea; Jainkoak norentzat duen prestatua, hari emango zaio». Beste hamarrak, hori entzutean, haserre jarri ziren Santiagoren eta Joanen aurka. Jesusek dei egin eta esan zien: «Dakizuenez, herrien buruzagiek mendean hartzen dituzte herriak eta handikiek berenagintea ezartzen diete. Ez du horrela izan behar zuen artean. Zuen artean handi izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari, eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi denen morroi. Gizonaren Semea ere ez baita zerbitzatua izatera etorri, zerbitzari izatera baizik, eta bere bizia denen alde ordainsari ematera».
Markos 10, 32-45.

Santiago eta Joan bezala, merituen logikaren arabera bizi gara gu ere sarri askotan: Jainkoak erakusten dituen arauak errespetatzen baditut, egin behar ditudan ahaleginak egiten baditut, jasan beharreko sakrifizioak jasaten baditut, hau da, edan beharreko kaliz mingotsa edan eta murgildu beharreko uretan murgilduz gero, Jainkoak bere aldamenean hartuko nau eta guztiek ikusiko dute zuzen jokatu dudala.
Baina hori ez da Jesusen logika. Jesusen arabera, Jainkoak ez gaitu maite meritu handiak egin ditugulako edo baliagarriak garelako. Jainkoak besterik gabe maite gaitu eta dohainik ematen dizkigu ematen dizkigun gauzak. Areago: Jainkoak, batez ere, gure merituen logikaren arabera ezertarako balio ez dutenak maite ditu.
Eman ditzagun eskerrak Jainkoaren maitasunagatik eta eska dezagun indarra Jesusi jarraitu eta neba-arrebak maitatu eta zerbitzatzeko. Jainkoaren logika ez baita guk munduan erabiltzen dugun merituen logika hori, zerbitzuaren logika baizik.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments