Garai batean esaten zen, Jauna,
Eliza desberdinen arteko elkartea zela:
batzuek agindu eta beste batzuek obeditu,
zenbaitek irakatsi eta beste zenbaitek ikasi…
Pentsamolde hori oso errotuta dago,
oraindik ere, gure artean, Jauna:
“Apaizak dioena egingo dugu”
edo “ez dugu uste Jaunak baimena ematen digunik
emakumezkoen apaizgoa ezartzeko”,
edota “nik ez dut egin behar zuek diostazuena,
gotzainak agintzen didana baizik”.
Eta pentsamolde horrek mina egiten du,
min handia,
bihotz erdiraino sartzen den mina,
zeren ez baita erraz ulertzen
zergatik uste duten
gainerakoek baino Espiritu gehiago edan dutela,
ezta zergatik tratatzen gaituzten
duintasun txikiagoa bagenu bezala.
Eta hara non gaur San Paulok zure partez
–testu hau Elizan irakurtzen dugunean
“Jaunak esana” esan ohi dugu–
beste mezu bat ematen digun:
Kristoren gorputza guztiok osatzen dugula;
desberdinak garela, bai,
baina bakarrik zure eta Jesusen Espirituak,
nori bere izaeraren eta egoeraren arabera,
era desberdinetan eragiten digulako;
guztiongan guztia egiten duzula,
denen egintzak denen onerako izan daitezen.
Bagenekien hori guztia, Jauna
–txikitatik entzun dugu duintasuna
bataiotik datorkigula;
eta azken sinodoak ere
irmoki azpimarratu ditu ideia hauek–,
baina ahantzi egiten zaigu noizean behin.
Eskerrak ematen dizkizugu
indarra eta ausardia ematen dizkigun
zure Espirituagatik;
eskerrak ematen dizkizugu,
duintasun berekoen gizartea eta Eliza
sortzeko zure proiektua
gure eskuetan utzirik,
erakutsi diguzun konfiantzagatik;
eskerrak ematen dizkizugu,
hau guztia gogorarazi diguten
gaurko profetengatik.
Emaguzu indarra proiektu horretan lan egiteko.
Eragin gutako bakoitzari
dagozkigun hitzak,
dagozkigun egintzak,
denen onerako jardun gaitezen.
Eta emaguzu adorea,
lagundu beldurra eta dardara gainditzen,
esaten digutena esaten digutela,
zure eta Jesusen Espiritua gurekin dugula,
zure bidean irauteko.
0 Comments