HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Maiatzak 23
Aldi hartan, Pedrok, itzuli eta Jesusek maite zuen ikaslea ondoren zetorrela ikusi zuen, afarikoan, Jesusen bular gainean jarririk, «Jauna, nor da salduko zaituena?» galdetu ziona. Hura ikusi zuenean, bada, Pedrok galdetu zion Jesusi: «Jauna, eta hori zer?». Jesusek erantzun zion: «Ni itzuli arte hori gelditzea nahi baldin badut, zuri zer? Zuk jarraitu niri». Hitz hauek zirela eta, ikasle hura hilko ez zelako zurrumurrua sortu zen senideen artean. Jesusek, ordea, ez zion esan ez zela hilko, beste hau baizik: «Ni itzuli arte hori gelditzea nahi baldin badut, zuri zer?». Ikasle huraxe da gauza hauez guztiez testigantza egiten duena eta idatzi dituena, eta badakigu egiazkoa dela haren testigantza. Beste gauza asko ere egin zuen Jesusek. Guztiak banan-banan bilduko balira, nik uste, mundu osoan ere ez liratekeela sartuko idatz litezkeen liburuak.
Joan 21, 20-25.

Ez da hain arraroa gure komunitateetan zalantzan jartzea Elizako hierarkiak dioena. Eliza unibertsala zaintzeko ardura dutenen eta eliza partikularren arteko tentsio horiek, batzuetan ezkutuan daude, besteetan agerian berriz, batzuetan elkarrizketa-tonuan gertatzen dira, beste batzuetan berriz ez. Baina, egiari zor, tentsio horiek ditugula onartu beharra daukagu.
Joanen ebanjelioaren amaiera den gaurko pasartean, ebanjelio honen egileak elkarte joanikoa legitimatzeko duen asmoari buruzko kontsiderazio ezberdinak alde batera utzirik, Pedrok, ardiak larratzeko aukeratua izan denak, Jesus interpelatzen du berak maite zuen dizipuluarengatik. Erantzuna argia da, Pedrori gogorarazten baitio gai hori ez dela garrantzitsuena, hari jarraitzea baizik.
Zenbat distrakzio ditugun! Gure ideologiak, gure ego partikularrak, errekonozimendu beharrak… Distrakzio hutsak diren guzti hauek, Jesusi egiaz jarraitzeko saiakera zintzoa besterik ez duen asmoa galtzea besterik ez dakarte. Beste asmorik ez, Bera bakarrik, Harengan dagoelako dena: egia, bidea eta bizia. Eta Berak, beste gauza batzuen artean, Ama den Eliza utzi digu. Ez dezagun ahaztu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments